Berritasunak eskainiko dituzte IrriSarri Landeko Udalekuetan

Ttipi-Ttapa 2017ko api. 12a, 10:59

IAz, 500 neska-mutikok baino gehiagok parte hartu zuten Irrisarri Landeko udalekuetan.

Iaz, 8 eta 16 urte bitarteko 500 neska-mutil baino gehiago izan ziren Igantzin

 

Bi urtez ikusmen-urritasuna duten ONCEko taldeak gidatzen aritu ondoren, eta talde horiek parkeari egindako ekarpena aintzat harturik, IrriSarri Landek ikusmen-urritasuna duen jendearentzat egokitu du zentzumenen ibilbidearen zati bat, eta horrez gain, neska-mutilei erakusten zaie nola moldatzen den ikusmen-urritasuna duen pertsona bat bere eguneroko bizitzan. Iaz, 8tik 16 urtera bitarteko 500etik gora neska-mutil aritu ziren Irrisarri Land-eko Basajaun udalekuetan, jarduera ludikoak eta hezigarriak eginez. 

 

Egonaldiak seina eguneko txandetan egiten dira (igandetik ortziralera), abentura-jarduerak eta bertzelakoak egiteko, hala nola tailerrak, ateraldiak, bisitaldiak… Antolatzaileen asmoa da neska-mutilek naturaz gozatzen ikastea, betiere natura bera ezagututa eta errespetatuta. Hori bai, resortak eskaintzen dituen jardueretan jolasa inola ere bazterrean utzi gabe: tirolinak, arborismoa, bizikleta, segway, laser tag, zaldia, arku-tiroa, disko-golfa, zentzumenen ibilbidea, mitologia ibilbidea, Natura ibilbidea (fauna eta landaretza), Ikaztegia edo egur-ikatzaren Museoa, IrriSarri Express tren turistikoa, uretako jolasak, ..... Gainera, ateraldiak ere antolatzen dira ingurunea ezagutzeko, bai eta gaueko jarduerak ere.

Aurten, zenbait gauza berri izanen dira, hala nola animalien eta landareen bide bat, inguruan dauden animalia eta landare espezie nagusiak zehatz-mehatz azaltzeko. Halaber, zentzumenen ibilbidea handitu da bi zati berrirekin: batetik, eremu batean kutxak paratu dira, barnean zer dagoen aurkitzeko, ukimena eta usaimena erabiliz, eta bestetik, beste eremu batean, parte-hartzaileek begiak estali eta han ibili behar dute, ikusmen-urritasuna duen pertsona batek eginen lukeen bezala.

Aukeratu daiteke udalekua gaztelaniaz, euskaraz edo elebitan egitea.

Udalekuen arduradunek eskarmentu handia dute horrelako jardueren antolaketan, eta txandak adinen arabera bereiztea erabaki dute, neska-mutil guztiak hobeki integratu eta parte hartzeko, eta era berean, jarduerak adin talde bakoitzaren interesetara hobeki egokitzeko. Lehen txanda uztailaren 2an hasiko da, eta azkena, berriz, abuztuaren 20tik 25era bitartekoa izanen da.

IrriSarri Landek, bere programaren bidez, gaztearen garapen pertsonala ahalbidetu nahi du denbora librearen arloan,  horixe da helburu nagusia, eta horretarako, baliabideak jarriko ditu gaztearen eskura, jarduerak ikuspegi sortzaile eta positibo batetik aukeratu eta antolatu ditzan, betiere jarrera toleranteak, solidarioak eta lankidetzazkoak sustatuz, elkarrizketarako irekiak, parte-hartze aktiboa eta kritikoa bultzatuz, talde-lanean eta auzolanean ekinez, kultura eta naturako kirolak ardatz hartuta. Horretarako, begirale talde egonkorra dago osatua, eta guztiek ere behar bezalako prestakuntza eta eskarmentua dituzte neska-mutilei arreta emateko. 

Parte-hartzaileek parkean bertan hartzen dute ostatu. Beraz, ez da joan-etorririk egin behar. Otorduak Jolastokiko tabernan egiten dira, eta platerak zuzenean egiten dira hango sukaldeetan, bertako baratzean lantzen diren produktuak aprobetxatzen saiatuta, eta adin horien berezko beharrei erantzunez, bai eta haur batzuek izan ditzaketen premia bereziei erantzunez ere.

Iaz, hainbat probintziatako 500etik gora neska-mutilek parte hartu zuten udalekuetan. 

Zabalik dago izena emateko epea, bai 948 928 922 telefonoan, bai parkearen webgunean (www.irrisarriland.es). 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun