Azken honek debuta eginen du Beran, baita kirol modalitate honetan ere, nahiz eta irailean 18 kilometro eta 1200 metroko desnibela daukan Trail Solidario del Draveten parte hartu eta irabazi zuen. Faboritoen artean, Carlos Garcia irundarra eta azken 3 ediziotako lehenengo beteranoa ere irteeran egonen da.
Emakumezkotan, 2016ko hiru lehenengoetatik bik parte hartuko dute: Laura Sola, 2014, 2015 eta 2016en garaile eta Maria Zorroza, 2016ean bigarren sailkatutakoa. Aitziber Ibarbia, aurreko urtean hirugarren sailkatu zenak ezin izanen du parte hartu lesioagatik. Alizia Olazabal irundarra ez da faltako, azken bi urteetan beteranoen kategorian garaipena lortutakoa eta absolutoan hiru aldiz irabazlea. Izena eman dutenen artean ere Uxoa Irigoien egonen da, Donostia-Hondarribia Talaia Bidean duela hiru aste hirugarrenez irabazi duena.
Azkeneko bi ediziotan Sola, bi ordutik jausten lortzen duen lehenego emakumea izatetik gertu gelditu da. 50 emakumezkok eman dute izena eta honek, 13 edizioetako partaidetzarik handiena suposatzen du.
Bertze behin, korrikalari herrikoiak izanen dira protagonistak, izan ere, azken urteotan bezala, eskuragarri jarri ziren 525 dortsalak pare bat ordutan agortu ziren eta. Herrikoien artean, Joseba Llorente futbolari oihak errepikatuko du aurten ere.
Nafarroako Mendi Lasterketa Txapelketarako puntuagarria izanen da beste behin Berako Mendi Maratoi Erdia. Horrela, txapelketa honi, Berako probarekin emanen zaio hasiera. Federatuta dagoen parte hartzaile guztiek puntuatu ahal izanen dute Txapelketa honetan, nahiz eta federazio txartela, beste probintzia batekoa izan.
Azkeneko zatian aldaketa.
Aurtengo, 19. eta 20,5. kilometroen artean, Berako Mendi Maratoiaren ibilbideko zati bat aldatu dute. 19. kilometroa baino lehen, Zumalkuko anoa puntua pasata, betiko ibilbidetik segituko dute korrikalariek, igoera txiki batera iritsi arte, ondoren Berara jeisteko. Aldaketa, azken jeitsiera honetan dago, orain arte zig-zagean jeisten zen pista batetik, Lizuniagara igotzen den asfaltatutako errepidearekin elkartzeko, bertatik helmugara abiatzen zen ibilbidea, Altzateko plaza eta karrikatik.
Orain ordea, ez da Lizuniagako errepidera jeisten, Itzea auzora baizik. Barojatarren etxe ondotik pasatzen da, orain arteko ibilbidera bueltatzeko Altzate kalean eta hortik kiroldegi inguruan egonen den helmugara iristeko.
Bezperan herri kirolak
Lasterketaren aurrekari gisa, bezperan Toki Ona kiroldegiko zabaldegian, Herri Kirol probak eginen dira. 17:30ean emanen zaio hasiera haurrentzako probekin: artaburu, zaku, txinga, korrika eta zaku-lasterketekin.
Ondoren, Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatutako festibala egonen da. Bertan, aizkolariak, bi bikote mistoz osatuta, eta motozerrarekin irudiak egiten dituen Pello Kañamares egonen dira.
Bukatzeko, arpana proba eginen da. Bertan Manttaleko partaideak eta Berako Herri Kirol taldeak parte hartuko dute eta nai duen orok nahi izanez gero ere parte hartu dezake bertan. Lehen sailkatuek AGDIE enpresak emandako bi urdaiazpiko jasoko dituzte, bigarren sailkatuek AGDIEren bi txorizo eta Lekueder baserriko bi sagardo botila, eta hirugarren sailkatuek Garmendikobordako gazta bat eta lau sagardo botila jasoko dituzte.
EGITARAUA
2017/4/8 LARUNBATA
17.00-19.00 Berako kiroldegian dortsal ematea.
17:30 Kiroldegi aintzinean. HERRI KIROLAK
Herriko haurren HERRI KIROL ERAKUSTALDIA
PELLO KAÑAMARESek motozerra erakustaldia eskainiko du.
Aizkolariak: BI BIKOTE MIXTO.
FROGA HERRIKOIA: ARPANA. Berako Herri Kirol Taldea eta Manttale Mendi Lasterketa Taldea eta Ikuslegoa
2017/4/9 IGANDEA
8.30 Bera-Larun- Bera eskursioa lasterketa ikusteko. 14 kilometro.
9.00 Bera-Usatitak- Landagaita-Bera eskursioa lasterketa ikusteko. 10 kilometro.
8.00-9.00 Berako polikiroldegian dortsal ematea.
9.30 Berako Mendi Erdi Maratoiaren irteera