Bestetako egitarauaren azalerako lehiaketa deitu du Berako Kultur Batzordeak

Ttipi-Ttapa 2017ko api. 7a, 13:06

Berako besten giroa isladatu behar du egitarauaren azalak.

Lanak ekainaren 2ra arte aurkezten ahal dira eta 400 euroko saria izanen da

Bestak prestatzen hasiak dira Beran. Martxoaren 23an egin zuten lehen bilera irekia eta orain, bestetako egitarauaren azalerako lehiaketaren deialdia zabaldu du Berako Kultur Batzordeak. Lanak ekainaren 2a (ortziralea) eguerdiko 13:30 baino lehen aurkeztu beharko dira Herriko Etxeko Bulegoetan gisa honetako lehiaketetan ohikoa den sistema erabiliz eta sari bakarra izanen da, 400 eurokoa, baina saria hutsik ere gelditzen ahal da. 

 

Nahi duen guziak parte hartu ahal izanen du lehiaketan, eta nahi bertze lan aurkeztu ahal izanen ditu. Azalak Berako besta giroa islatuko du. Azalean Berako Bestak 2017 testua agertu beharko da nahitaez eta ez du bertzelako testurik eramanen. Gaia, estiloa eta erabilitako teknika libre izanen da, betiere Berako besta giroa islatzen badu. Lanek jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dute, ezin dira izan bertze lehiaketetan aurkeztutakoak eta ez dira arruntean edo neurri batean argitaratutako bertze lan batzuen kopia edo plagioa, edo edonola bertze artista batzuen lanak: kartelak, margolanak… Gainera, iaz bezala, genero irudikapenean erabilitako irudiek oreka bilatuko dute, rol eta estereotipo tradizionalak azpimarratu gabe, eta sexu, arraza, adin, kultura edo sexu-aukeren arloan ezberdintasunen tratamendu gutiesgarria saihestuz. 

Formatuari dagokionez, argazkia edo irudiak kolorezkoak izanen dira, ez da diapositibarik onartuko, paperean aurkeztuko da, eta bertikala izanen da, 18x27 cm.koa. Euskarri gogor batean aurkeztu beharko dira eta modu egokian paketatuak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun