Dispertsio politika berehala desaktibatzea eskatu du Lesakako Udalak ahobatez

Ttipi-Ttapa 2017ko api. 7a, 07:55

Horrela gelditu zen autoa istripuaren ondotik.

Joan den asteburuan Mikel San Sebastian Murtziako kartzelan bisitatzetik bueltan heldu zen herritarraren istripuaren harira sartutako mozioa onartu da

Joan den asteburuan, Mikel San Sebastian Gaztelumendi preso politiko lesakarraren lagun batek istripu bat izan zuen Murtziako kartzelatik bueltarako bidaian. Gainera, istripua izan duen pertsona ere lesakarra da. Lesakako EH Bilduk dioenez, «argi dago istripu hau dispertsio politikaren ondorio bat dela. Martxan dagoen dispertsio politika hau presoak ez ezik beraien lagun eta senideak ere zigortzen ditu. Lesakan, egoera hau astebururo astebururo lagun aunitzek pairatzen dute, bidaiaro beraien biziak arriskuan jarriz». Honen aitzinean, eta dispertsioak eragindako istripu berri baten ondoren, Etxeratek Lesakako Udalean aurkeztutako mozioaren ondoren, Lesakako EHBilduk urgentziazko osoko bilkura deitzeko eskaera egin du. Bertan, eta aho batez, mozioa onartu da.

 

Onartutako mozioak dioenez, «Udaleko batzarrak dispertsio politikaren eta urruntzearen berehalako desaktibazioa eskatzen du, senideak kaltetu eta oinaze gehitu batera zigortzen baititu». Era berean, Udal batzarrak pertsona guztien Giza Eskubideen errespetua exijitzen du eta akordio hau Frantzia eta Espainiako gobernuei helaraziko zaie, baita Espetxe Erakundeetako arduradunari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun