Zangozan eta Lakuntzan abiatuko dira asteburu honetan Nafarroako Haur eta Gaztetxo kantari jaialdiak

Ttipi-Ttapa 2017ko mar. 17a, 13:18
Ehundaka haur eta gaztetxo abeslarik parte hartuko dute jaialdietan.

Martxoaren 25ean Lesakako Harriondoan ariko dira kantari

Nafarroako haur eta gaztetxo kantari jaialdien lehen saioa eginen da martxoaren 18an Zangozan eta bigarrena martxoaren 19an Lakuntzan. Bi saio hauetan ez da eskualdeko ordezkaririk izanen, baina bai martxoaren 25ean Lesakako Harriondoa Kultur Etxean eginen den emanaldi bikoitzean.

 

Martxoaren 25ean Harriondoan

Asteburu honetako lehen bi saioen ondotik, hurrengo larunbatean, martxoaren 25ean, Lesakan izanen da haur eta gaztetxeoen kantari jaialdiko hirugarren saioa. 150 abeslari espero dituzte Lesakan eta hortaz, bi emanaldi izanen dira Harriondoa Kultur Etxean, 18:00etan eta 19:00etan. Sarrerak salgai daude Lesakako Tantirumairu ikastolan edo koordinazioa@oinez2017.ikastola.eus helbide elektronikoan 3 eurotan (8 urtetik beheitikoak doan, baina txartela beharko dute lekua gordetzeko).

18:00etako emanaldian, Leitzako neskak taldeak ‘Noiz itzuliko zara’ (Hesian) eta ‘Euskararen txantxangorria’ kantatuko dute, Leitzako Leire Erbitik ‘Zure doinua’, Goizuetako eskolako taldeak ‘Amets bat’ (Alaitz eta Maider) eta ‘Agortu dira hitzak’ (Hesian), Arano herria taldeak ‘Gogoak’ (Esne beltza) eta Azpilkuetako Enara Arregik berak sortutako ‘Lamiak’ kantatuko du.

19:00etako bigarren emanaldian, Tantirumairu ikastolako taldeak ‘Aldapan gora’ (Huntza) kantatuko du, Mendaur triki eskolako talde ezberdinek ‘Joxepa Joxepa’, ‘Putpourri (Pirritx eta Porrotx), ‘Herriko festak ziren’ eta ‘Oi kanta berri’, Sunbillako eskolako taldeak ‘Ahoa bizi belarriak prest’ (Pirritx eta Porrotx) eta ‘Herri Unibertsitatea’ (Huntza) eta Baztan Ikastolako taldeak ‘Euskararen txantxangorria’.l

Lesakako saioaren ondotik, apirilaren 1ean Burlatan eta jaialdi nagusia Tafallako Kulturgunean apirilaren 29an izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun