Jarduerak
Jardueretan, hiru ibilbide elkarreragile berri jarri dira abian. Lehena Zentzumenen Ibilbidea da. Izan ere, bisitariak natura zentzumen guztiekin biziko du, ibilbide elkarreragile baten bidez; zehazki, beste sentsazio aunitzen artean, zuraren, uraren, harriaren edo lurraren ukimena sentituko du. Gainera, ibilbidearen zati bat ikusmen urritasuna duen jendearentzat dago moldatua, soinu-sistema baten bidez nondik nora ibili behar duten jakiteko.
Mitologia Ibilbidea barruti barruan dagoen oihaneko zuhaitzen artean doa, eta haurrek nahiz helduek euskal mitologiako pertsonaiak topatu eta haien gaineko elezaharrak ikasiko dituzte.
Azkenik, inguruko animaliak eta landareak Natura Ibilbidearen ardatz izanen dira; zehazki, ibilbide hezigarri bat proposatzen da, oihaneko fauna eta landaredia ezagutzeko.
Bestalde, Jolastokian (1.600 metro koadroko nabea, hamaika jardueraz beteta), txikipark bat moldatu da, askatasun osoz gozatzeko modukoa, baina horrez gain, 2tik 7ra bitarteko haurrak begiraleen eskuetan uzteko aukera izanen da, helduek bestelako jarduerak egiten dituzten bitartean. Kanpoaldean, auto pedaldunen zirkuitua handitu da, arrakasta handia baitu bisitari gazteenen artean.
Azkenik, iazko erdialdean, uretako jolasen parkea zabaldu zen; hots, ur-zorrotadak lurretik gora isurtzen dira hainbat altueratan eta denboratan.
Instalazioak
Instalazioei dagokienez, iazko azken hiruhilekoan, Yrisarriko behatokia zabaldu zen, oso aproposa ekitaldi handi eta jendetsuak egiteko (ezkontzak eta enpresa-jarduerak). Halaber, parkeko aterpetxean leku gehiago daude ostatu hartzeko; dagoenekoz, 200
Ekitaldiak
Ekitaldiak ere garrantzitsuak dira parkearen egunerokoan, instalazioaren bisitaren osagarri. Lehen hitzordua Gladiators Day ekimenaren hirugarren edizioa izanen da; martxoaren 26an, hain zuzen ere. Apirilean, berriz, IrriSarri Fashion Week eginen da; maiatzean, Zaldiaren Feria, eta ekainean, Irisarriko bestak. Uda osoan, kontzertuak eginen dira ostiral eta larunbat guztietan, arratsaldez. Irailean, bestalde, Irisarri Sendia ekimena etorriko da, abizen hori edo horren eratorriak dituzten pertsonak berriz ere elkartzeko. Basoa Sound, urrian; zinemaldiaren txanda azaroan, eta ikaztobia edo txondorra abenduan piztuko da. Horra, beraz, programazioan sarturiko ekitaldiak. Bestelako berritasunak ere izanen dira, eta guztiak ere, garaiz iragarriko dira.
Ordutegiak
Parkeak asteburuetan irekiko du berriro: zehazki, ostiraletan, 14:00etatik 18:00etara, jarduerak egonen dira zabalik, eta afal ondora bitarte, jolastokia. Larunbat eta igandeetan, goizeko 10etatik aitzinera. Aste Santuko, udako eta Eguberrietako eskola-oporraldietan, egunero egonen da zabalik. Astez, parkea ireki daiteke, gutxienez 15 laguneko talde bat elkartzen bada. Gainera, ikastetxe eta eskola aunitz etortzen dira parkera, astelehenetik ortziralera, beren ateraldiak edota eskola-kanpaldiak egiteko.