Finalak martxoaren 11n Beran
Finalak martxoaren 11n, larunbat goizean jokatu zituzten Berako Eztegara pilotalekuan. Hauek izan ziren emaitzak:
Ttikiak
Xan Villamea (Bera), 13 – Loizate Goñi (Bera), 18
Partida parekatua izan zen, baina 11na berdidu zutenean Loizatek hobe asmatu zuen jokaldiekin eta partida irabazi zuen
Umeak B
Ander Pagola (Bera), 18 – Amaiur Martinez (Lesaka), 9
Partida ona eta hagitz borrokatua izan zen. Anderrek bere nagusitasuna erakutsi zuen eta Amaiurrek maila bikaina duela erakutsi zuen: 9 tantotan geratu zen baina gehiago merezi zuen. Galduta ere zoriondu behar zaio egin duen txapelketarengatik.
Umeak
Beñat Bertiz (Hendaia), 18 – Aimar Otxandorena (Lesaka), 13
Beñatek pilota biziagoarekin 8 tantoko abantaila atera zuen, baina Aimarrek bere pilota hartu zuenean partida aldatu zen eta bere klasea erakutsi zuen. Partida erdian aurreratu zen lesakarra, baina ezin izan zuen partida irabazi. Maila bikaina erakutsi zuten bi pilotariek.
Kimuak B
Koldo Lakar (Bera), 7 – Oskitz Madariaga (Arantza), 18
Oskitzek bere jokoa egin zuen eta erraz irabazi zion Koldori. Oskitzek kolpe gehiago dauka eta Koldok dejadaz egin nahi zituen tantoak, baina Oskitzek denak harrapatzen zituen eta ongi bukatu zituen tantoak.
Kimuak
Andde Maritorena (Bera), 18 – Mikel Eizagirre (Arantza), 17
Anddek eraman zuen txapela baina edozeinek eramaten ahal zuen, finalik orekatuena izan baitzen. Anddek hasiera bikaia eman zion partidari, 10 tantoko aldea atera zuen hasieran, bikain sakatuz paretarat baztertzen pilota eta bikain dejada eginez zabalerat, baina Mikelek sakea hartu zuenean partida aldatu zen, bai zabalerat eta paretarat sakeak eginez, mugitu zuen Andde eta poizeko partida ederrena ikusi zen.
Haurrak B
Lander Etxenike (Igantzi), 18 – Aimar Zamora (Igantzi), 12
Partida asiera parekatua izan zen, baina Landerrek dominatu zuen partidan eta garaipena lortu zuen.
Haurrak
Unax Villamea (Bera), 18 – Iker Etxebeste (Irun), 14
Unaxek lortu zuen txapela, hasiera bikaina eman zion partidari, aunitz sakatuz 6-0 aurreratu zen eta Ikerrek ezin zuen Unaxen pilotarekin. Pilota aldatu zutenean Ikerrek bere jokoa erakutsi zuen, dejada dotoreak eginez baina finalean Unax gehiago izan zen.
Txapelketan parte hartu duten pilotariei oroigarriak eta sariak jaso zituzten finalen ondotik. Sari banaketan izan ziren Ander Errandonea eta Iñigo Martinez Berako pilotari profesionalak eta Jon Olaizola afizionatua.