Berako Musika Eskolako pianojoleak saritu dituzte Andoaingo XII. Jaialdian

Ttipi-Ttapa 2017ko ots. 10a, 07:57

Andoainen saritutako ikasleak, Mari Jose Bergara irakaslearekin.

Euskal Herriko 758 pianojolek parte hartu zuten eta urrezko sei domina eta zilarrezko bat ekarri dituzte Berara 

Berako Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolako zazpi ikasle sarituak izan dira asteburu honetan Andoainen burutu zen XII. Piano jaialdian. Guztira, Euskal Autonomia Elkarteko, Lapurdiko eta Nafarroako 758 pianojolek parte hartu zuten eta Mari Jose Bergararen ikasleek zilarrezko domina bat eta urrezko 6 domina lortu zituzten.

 

Bakarlarien A mailan (12 urte arte), Luka Newell-ek (8 urte) zilarrezko domina lortu zuen eta Ainhoa Elgorriagak (8 urte), urrezko domina eta aipamen berezia.

Sei eskutako A mailan (12 urte arte), urrezko domina eskuratu zuen Axuri Zapiain, Onintza Goia eta Saioa Garciak osatutako hirukoteak. Hiruak zortzi urte dituzte.

Bakarlarien B mailan (14 urte arte), azkenik, Nahikari Loiartek eta Leire Ruizek urrezko domina bana lortu zuten. Biak 13 urte dituzte.

Azpimarratzekoa da Ainhoa Elgorriagak lortu zuen aipamen berezia (denetara 20 eman ziren 758 partaideen artean) eta gainera, epaimahaiak bukaerako kontzertuan parte hartzeko aukeratu zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun