Gisa honetako kantak, hagitz ezagunak ditugu Hego Euskal Herrian, eta ez hainbertze Iparraldean, noizbait zabal ibili baziren ere. Eta Bera, Iparraldetik hain hurbil egoteagatik ez ditu herrikoi bihurtu izanen. Halere, berria den ohitura zaharra geroz eta indartsuago bizi da herriko txokoetan. Urterik urte, gogorrago astintzen dute makila Labiagako ikasle, guraso eta irakasleek. Eta aurten ere, 150 bat lagun aterako dira kopla berri eta doinu zaharrak tradizional egitera. Ikastolatik 16:30ean atera eta Mukixuko zubian egingo dute lehenengoz oles. Handik, Altzateko karrikan barrena jarraituko dute, guraso, ikasle ohi eta ikasleek osatutako bandak girotuta. Purienean, koplak kantatuko dituzte Julen Zelaieta eta Patxi Kastillo ikasle ohiek. Legiatik Kanttonberrirako bidean, makil hots artean egingo dute aitzin. Eta hotza gainetik kentzeko, ikastolara itzuliko dira txokolate beroarekin epeltzera.