Berako XXII. Dantzari Ttiki Eguna ekainaren 4an eginen da

Ttipi-Ttapa 2016ko eka. 2a, 08:23

180 dantzari espero dituzte larunbatean Berako Dantzari Ttiki Egunean.

Gure Txokoakoekin batera, Añorga, Lezo eta Urretxuko dantzariak ariko dira

Gure Txokoa elkarteak, Berako Udalaren eta Berako Kultur Batzordearen laguntzaz hogeitabigarren urtez antolatutako Berako Dantzari Ttiki Eguna ekainaren 4an, larunbatean eginen da. Berako dantzariek Añorgako Arkaitz dantza taldea, Lezoko Murixka dantza taldea eta Urretxuko Lurran dantza taldea gonbidatu dituzte aurtengoan. Guztira Beran hamabi urtez beheitiko 180 dantzari izanen dira, horietako 85 Beratik kanpo etorriak.

 

Goizez, Jamotenean harrera egin ondotik, 10:30ean dantzariak hiru ibilbidetan banatuko dira: Illekuetan, Burga plazan eta Agerran. Eguerdiko 12:30an Altzate karrikan talde guztien artean jaialdia eskainiko dute. Eguraldi euritsua eginen balu, Altzateko pilotalekuan izanen litzateke emanaldia.

Arratsaldean, 16:00etatik aitzinera musika izanen da Altzateko frontoian, Oharkabe taldearekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun