Ahari lehiaketaren hemeretzigarren edizioari dagokionez, azken urteetan baino buru gutixeago aurkeztu ziren, baina kalitate onekoak. Burugorrien artean, lehenbiziko saria (75 euroko eta Santiago Oteiza erratzuarrak egindako kaikua) Arraiozko Xunteneko Sagrario Urrozentzat izan zen, bigarrena (50 euro) Arraiozko Indakoako Felisa Ugarterentzat, eta hirugarrena (30 euro) Arizkungo Plazaburuko Jose Mari Gamiorentzat
Burubeltzen artean, lehen saria Almandozko Begoña Etxalarrek eraman zuen, eta bigarren eta hirugarren sariak Iruritako Gernuxarreko Migel Angel Maritorenak.
Epamahaia, Gartzaingo Maitoneko Federico Etxenikek, Juan Kruz Iriarte zinegotziak, Cederna-Garalurreko Marian Zestau teknikariak, Beartzungo Pardioleneko Manuel Bertizek eta Iruritako Zaldubiko Joseba Zelaietak osatu zuten.
Aziendez gain, eskulangileen erakusketa eta salmenta, txistulariak, haurrendako tailera eta Baztango dantzari ttikien saioak izan ziren, baita bertako produktuak dastatzeko aukera ere, aurtengo lehen feria egunean. Gainera, urteko lehen gasnaren mozketa ere egin zuten. Aurtengoan, Elizondoko Etxetxipiako Maria Jesus Larretxeak egin zuen.