erran.eus

Erdizeko mugei buruzko Gobernuaren ebazpena errekurrituko du Baztango Udalak

  Gizartea  Baztan

Ahobatez hartu zuten erabakia martxoaren 23ko udal batzarrean

Martxoaren 23an egin zen ohiko osoko bilkuran Baztango Udalak Nafarroako Gobernuak Erreniegako mendiaren zati bat Esteribarri emanez ateratako ebazpena errekurritzeko erabakia aho batez onartu zuen. Horrela, udal ordezkariek Nafarroako Administrazioarekiko Auzi Epaitegian errekurtsoa paratzeko erabakia hartu zuten. 

2014an Esteribarreko udalak Nafarroako Gobernuaren aitzinean Erreniega inguruan mugak berrikusteko prozesua abiatu zuen. Denbora tarte horretan Baztango Udala bailarako interesen defentsan aritu da 1919an egin zen mugapenetik lur-eremu guzti hori Baztango mugen barnean izan baita, orain artio inork deus erran gabe.

Nafarroako Gobernuaren ebazpenak 567 hektareari eragiten dio, horietatik 300 hektarea inguru Erdizen. Ebazpenak dio orain artioko muga ez dela zuzena eta Baztan barnean den lurzati hori Esteribarreko udalaren barnean dagoela; hau da, udaleko mugen aldaketa egiten du ebazpenak, ez lurzatiaren jabegoarena. Nafarroako Gobernuak ebazpena urtarrilaren 11n argitaratu zuen, orain udalak bi hilabeteko epea izanen du errekurtsoa aurkezteko. 

Errekurtsoa prestaturik edukitzen udalak herritar guztiei informazioa emateko batzarrea deituko du.

Aipagarria da Erdiz Baztango bazkaleku handiena dela eta Magnak bertan harrobia egiteko asmoa behin baino gehiagotan agertu duela. Hainbaten iritziz, Esteribarrek mugak berrikusteko abiaturiko prozesua horri erantzuten dio.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa