Diana Iniestaren lanak lehen aldiz New York-en ikusgai jarri dituzte

Ttipi-Ttapa 2017ko mar. 24a, 10:24

Diana Iniesta, The Arte Students League pintura eskola entzutetsuan egin zuen ikastaroan.

Erratzun bizi den margolari kataluniarraren margolanak Manhattango The Phyllis Harriman Mason Gallery-n jarri dituzte

Bere formakuntza osatzen segitzeko bortz asteko egonaldia egin zuen otsailean New Yorken Diana Iniesta margolariak. Katalunian sortu eta aspaldian Erratzun laketu den margolaria egon ez ezik ari ere aritu zen, gogoz gainera, The Art Students League pintura eskola entzutetsuan. Astean sei egunez, egunean hamar orduz, 240 orduko ikastaroa osatu zuen eta orain, martxoan zehar, ikastaroan egindako margolanak ikusgai jarri dituzte Manhattango The Phyllis Harriman Mason Gallery-n.

 

New Yorkeko erakusketa honek nazioartean maila handia duten margolarien lanak biltzen ditu, urtero galeriak antolatzen duen ArtConcours erakusketaren baitan. Orain ikusgai dituzten margolan onenen aukeraketa egin eta ekainean ere egiten dute erakusketa eta lan hauek galeriako bilduma iraunkorrera pasako dira.

Erratzuko tailerraren eta New York-en artean, 600 formakuntza ordu baino gehiago egin ditu Diana Iniestak eta erakusketa hau bere karreran «inflexio puntua» dela uste du. Udan Erratzun egiten duen erakusketan ere agertuko ditu New York-en egindako lan hauek, erretratoak eta biluziak, baita New Yorkeko paisaiak ere. Nola ez, udazkenean eta udaberrian Baztanen margotutako lanak ere ikusgai jarriko ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun