Bailarako errepideen egoerari buruzko konpromisoak eskatu dizkio Baztango Udalak Nafarroako Gobernuari

Ttipi-Ttapa 2017ko mar. 23a, 08:20

Udal Gobernu Taldeko ordezkariak Herri Lanetako zuzendari nagusiarekin bildu ziren martxoaren 22an Iruñean

Martxoaren 22an, asteazken goizean Baztango udaleko ordezkaritza Nafarroako Gobernuko herri-lanetako zuzendaritza nagusiko arduradunekin Iruñean bildu zen. Horrela, Joseba Otondo Baztango alkatea, Mikel Ortega alkateordea eta Florentino Goñi herri-lanetako zinegotzia Natxo Nagorerekin, herri-lanetako zuzendari nagusiarekin bildu ziren. Bilera udalaren eskariz egin ziren Nafarroako Gobernuarenak diren Baztango hainbat errepideren egoerari buruz solastatzeko.

 

Baztango ordezkaritzak Beartzungo bidean zabalguneak egiteko eskatu zion zuzendari nagusiari. Modu berean Gorramendiko bidea xehaturik dagoela jakinarazi zion eta Orabideko errepidea ere hondaturik dagoela. Arizkungo Iketzateko bentako bidegurutzeko borobilguneaz ere galdetu zioten. Bertzalde, Elizondorat sartzeko zubi berriaren proiektua zertan den erran zioten eta Lekarozetik hilerrirat joateko zaldaina zertan den ere bai. Zuzendari nagusiak errepide sarea zabaldu eta hobetzeko partidarik gabe dagoela erran zien eta kontserbaziorako kontu-saila ere justua dela. Baztango ordezkaritzak ez zuen konpromiso zehatzik lortu ahal izan, baina Baztanek dituen behar horietarik ohartzeko baliatu zuten hitzordua. Bailarako gainerako bideen mantenimendu eta konponketa Tokiko Inbertsio Planetik eta udalaren aurrekontutik bideratzen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun