Bertako sagardoen dastaketa-lantegia egin berri dute Arizkunen

Ttipi-Ttapa 2017ko mar. 20a, 10:19

Bertako sagardoen dastaketan parte hartu zutenak Gamioxarrean.

Ortziralean antolatu zuen Jo ala Jo taldeak Gamioxarrean Baztango agroekologia eskola herritarraren baitan, Juan Zubiarran enologoaren azalpenekin

Sagardoaren kultura berreskuratzeko eginahalari segida emanez, Jo ala Jok, bertako sagardoen dastaketa lantegia antolatu zuen ortziralean, Arizkungo Gamioxarrea dolarean. Lantegian Juan Zubiarran enologoaren azalpen teknikoak eta bertako sagardogileen sagardoak eta sagardoa egiteko moduak uztartu zituzten. Modu horretan Berroeta, Zozaia, Arizkun, Etxalarko… sagardoen gainean, Zubiarranek sagardoaren zapore, kolore, usaimenari… buruzko argibideak eta zergatiak eman zituen. Horrela, sagar-barietateek, irakinaldiak, kupelak, tenperaturak, zanpatzeko erabilitako tresnak… sagardoan zer eragin duten esplikatu zuen.

 

Zubiarranen erranetan, sagardo egileak nahi duen sagardoa egiten laguntzen dute enologoek; egileak bilatzen duen zapore, usaimenaren… bidetik. Horregatik, sagardo txarrik ez dagoela erran zuen, norberak bilatzen duen hori baizik. 

Orain bi urte, Jo ala Joren eskutik ere, Elizondoko Aise elkartean bertze sagardo dastaketa egin zen eta urtero Kirikoketa bestaren arrimuan bertako sagardogileek elkarrekin egoteko tartea izaten dute.

 

Bazken aldizkatze ikastaroa apirilaren 29an Anizen

Bertzalde, aurtengo sagardo dastaketa-lantegia Baztango agroekologia eskola herritarraren baitan egin da. Ondoko hitzordua apirilaren 29an Anizen eginen den bazken aldizkatze ikastaroa izanen da. Ikastaroa Aitor eta Mikel Azkaratek emanen dute, goizeko 10etatik hasita, Jauregian. Izena hazitikhozie@gmail.com helbide elektronikoan ematen ahal da. Saioaren antolatzailea Hazitik hozie elkartea da.

 
Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun