erran.eus

Herritarren artean ez duela tratu desberdinik egin dio Baztango Udal Gobernu Taldeak

  Politika  Baztan

UPNren oharrarri erantzun dio

Baztango Udal Gobernuak ohar batez erantzun dio UPNk etxeak pintatzeko EIOZaren kobraketaren inguruan bidalitako prentsa oharrari. Udal Gobernuaren erranetan, “etxeak pintatzeagatik bakarrik EIOZa ez kobratzea Udalaren ohitura izan da azken hamarkadetan. Legealdi hasieran Udal Gobernu honek ohitura hori mantentzea erabaki zuen estetikoki Baztango paisaia mantentzearen aldeko laguntza bezala”.

Aldiz, obra baimena eskatzerakoan pintatzeaz gain lan gehiago egitea aurkezten bada aurrekontuetan, EIOZa kobratzen da, pintatzea barne, bertze obra guztietan bezala. Irizpidea hau izanik, herritar guztiekin bete dela dio Udal Gobernu taldeak, «ez da tratu desberdinik izan herritarren artean. Hori ziurtatzeko espedienteak eskatzea bertzerik ez du egin behar UPNk. Baina argi dago UPNren helburua ez dela gauzak benetan nola egin diren jakitea».

Baztango Udal Gobernu Taldearen ustez, «lau urte pasa ditu UPNk uskelkeria endemikoa dela, eta denok berdin jokatzen dugula sinetsarazi nahian, baina ez du lortu. Argi gelditu da UPNren funtzionatzeko modua dela hori, eta ez gainerako guztiona. Beraiek bezala, guk ere ez ditugula herritar guztiak berdin artatzen sinetsarazi nahi izan du eta hori ere ez du lortu».

Udal Gobernu Taldearen oharrak azpimarratzen duenez, «Baztango UPNk bertze hainbatetan egin duen bezala, harria bota eta eskua gorde du. Hala ere, kontrakoa lortzen ari da, nabarmen gelditu baita Maiatzaren 24ko hauteskundeetako emaitzetan UPNk Baztanen daraman gainbehera». Gauzak horrela, «galtzaile txarraren jokaldi zikin gisa bakarrik ulertu ditzazkegu egindako adierazpen hauek», Bildu eta Ezkerraren legealdiko azken oharrak dioenez.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa