Baratze komunitario nahiz partikularrak lantzeko ideia indartzen ari dela ikusirik 'Baratzean lanean' jardunaldiak antolatu ditu Cederna Garalurrek. Izan ere, krisiaren eraginez, Nafarroako Mendialdeko erakunde eta talde ugarik jo du elkartera herrietan baratzeak lantzeko egon daitezkeen aukeren inguruan galdezka. Horregatik, eskaera horri erantzunez, datorren asteartean, abenduaren 18an, goizeko 9:15etatik 14:00etara Elizondoko Arizkunenean hainbat esperientziaren berri emanen da.
Gaia hiru ikuspuntu desberdinetatik landuko dute: aisiarako baratzeak, gizarte-baratzeak eta baratze profesionalak. Halaber, bertaratuko direnek gaiarekin zuzeneko nahiz zeharkako lotura duten beste erakundeek garatutako proiektuei buruzko informazioa jasoko dute. Ekimen horietako batzuek bokazio soziala dute argi eta garbi (familia-errentak osatzea, egoera ahulean dauden taldeen elikadura hobetzea, nahiz aisiarako bestelako aukera bat ematea). Beste batzuk, berriz, enplegua sortzeko aukera gisa proposatzen dira, aldi berean barazkigintza ekologikoarekin lotura izanen duten elikadura eta kontsumo iraunkorra sustatuz.
Jardunaldia parte-hartze aktiborako foro irekia izanen da, eta bertaratuko direnei ekarpenak egin eta Cederna Garalur Elkartearen intereseko gai edo arlo berriak proposatzeko eskatuko zaie. Izen-ematea 948 62 51 22 telefonora deituta edo bidasoa.admon@cederna.es helbidera idatzita egin liteke.