Sarako Idazleen Biltzarrak 41. edizioa beteko du

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 29a, 08:00
Lehen aldiz kontzertua ere izanen dute Sarako Idazleen Biltzarrean, Ixabe taldearen eskutik.

2024ko Biltzar Saria emanen diete Amets Arzallus bertsolari eta idazleari eta Jean Duverdier marrazkilariari

Pazko astelehenean zabalduko ditu ateak Sarako Idazleen Biltzarraren 41. edizioak. Hala, apirilaren 1ean eta 2an berrogeita bat urte betetzen dituen literatur ekitaldiak Ipar Euskal Herriko kultur agenda markatuko du bertze urte batez. 76 salmahai izanen dituen azoka, liburu aurkezpenak, irakurketa musikalak, mintzaldiak, kontzertua, erakusketa eta idazleen presentzia segurtatuak dira.

Aurtengo edizioa berezia da Sarako Idazleen Biltzarrarentzat, «joan den urtean Biltzarraren 40 urteak ospatu eta gero, ekitaldia berriz pentsatzea erabaki dugu, garaiarekin batera aitzinera joateko». Aurtengo edizioko aldaketa eta berritasunei dagokienez, artista edizioei, mikro-edizioari eta poesia garaikideari eskainitako espazioa izanen dute, lurraldeko artistekin. Kontzertu bat ere izanen da eta egun osoan ostatu bat irekia izanen da jatekoekin eta edatekoarekin. EKErekin lankidetzan arreta handiz hautatutako idazleen eta argitaletxeen lanen aurkezpenak eginen dituzte eta eztabaida gune bat izanen da, papera eta idazkera erabiltzen duten artista garaikideekin.

Egitaraua

Biltzarra astelehenean, apirilaren 1ean, 10:00etan abiatuko da eta hainbat aurkezpen izanen dira. 10:30etik 16:30era Mediatekako karparen azpian haurren xokoa izanen da eta 11:00etan eta 16:00etan Kiribil konpainiaren irakurketa musikalak. 12:15ean 2024ko Biltzar Saria emanen diete Amets Arzallus bertsolari eta idazleari eta Jean Duverdier marrazkilari eta ilustratzaileari. 16:00etan Sorkuntza editorialaren egoera Euskal Herrian mahai ingurua eginen dute eta 17:30ean kontzertua emanen du Ixabe taldeak.

Apirilaren 2a, asteartea, profesionalen eguna izanen da Sarako lezeetan eta Ipar Euskal Herriko historiaz ariko dira.

Egitarau osoa hemen

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun