K letraren txanda iritsi eta dugun egoera ikusirik, Kaos hitza izan da lehenetsitakoa, nahiz eta beste batzuk ere dantzan ibili.

«Mundu ordenatua, unibertsoa edo kosmosa sortu aurretik zegoen ezereza edo nahasmendua; erabateko nahasmendua edo antolaketarik eza». Hor hitzaren definizioa eta egungo munduaren argazkia. KLIK! Ordena versus desordena. Mundua sortu geroztik gizadiak lorturiko nolabaiteko ordena gaiztotzen ari da eta ez dakit hasierako ezerezera goazen edo betiko nahasmenduaren olatu haundi baten gainean surfean ari garen, hurrengo barealdia harrapatu arte. KONTUZ! Desordena versus ordena.

Gure gizarte txuri, aberats eta kapitalistaren ongizate-estatuan bizitzeak antolamendua eta ordenaren ilusioa ematen digu, baina mundu zabalean kaosak irabazten du, zentzugabekeriak: Gazako sarraskia lehen planoan eta beste hainbat ahanzturaren planoan, Saharar Herriaren amesgaiztoa, Haiti, Siria, Etiopia eta Itsas Gorria Tigray eremuan, Sudan, Ukraina eta Iran. Gerra hotsak ate joka. KASU EMAN esaten diguten bitartean, gure gobernuek sustatu eta babesturiko armen industria asetzen, etengabe ekoiztu eta aberasten, hildakoak gordinki pilatuz, kaosari jaten ematen. KAOSAREN ERASOAK!

Kaos omen zen pertsona izena Grezia eta Erromatarren inperioan ere eta, xelebrea baldin bada ere, bururatzen zaizkit pertsonaia batzuk izen horri elegante eutsiko ziotenik, Kaos Netanyahu, Kaos Biden edo Kaos Nuñez Feijoo… gertuago etorri gabe. Eta hizkuntzetan? Ba al dago kaosa –desordena versus ordena– euskaran txertaturik? Kaosa hizkuntza jolasa izan daiteke eta horren lekuko 2024ko otsailean Euskal Herrian egindako palindromo lehiaketa. Palindromoa ezkerretik eskuinera zein eskuinetik ezkerrera irakurrita esanahi berbera duen testua da eta makina bat sortu zituzten aipaturiko lehiaketan. Hari horri helduz eta kaosaren inguruko burutazioan nenbilela nire eskutara iritsi zitzaidan palindromo bikaina: KAOSAREN ERASOAK (Zakilixut, Olariaga, Palindromihi 6490). Egin froga, ezker eskuin, eskuin ezker. KAOSAREN ERASOAK.

Jolasa bai, baina erraza ez da, eta bestela, saia zaitezte baten bat asmatzen.

KAOSen palindromoa SOAK ingelesez… Alegia, beratzen utzi.

KAOSarekin hasi eta Aguraingo Kaotiko taldearekin bukatuko dut Adrenalina diskoaren Paradisu taberna kantaren zatitxoarekin: Paradisu tabernan gaude, elkartuz paradisu galdutan. Paradisu tabernan sutan, badakizu… badakizu noiz, badakizu nor, badakizu non, badakizu… paradisun beste bat.

SOAK… beratzen utzi irakurritakoa!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun