- Zer zen lehengo eguneko tiroketa herriaren gaineko aldean?

- Bai, bai, aditzeko modukoa zen. Batzuei gauza normala irudituko zaie.

- Normala? Ukrainan geundela ematen zuen.

- Gainera herritik hurbil, plazatik 600 metrotara eta hilerritik 200 metrotara. Gu han geunden, loreak eramatera joanak eta tarteka perdigoien soinua ere aditzen genuen geure buruen gainetik.

- Gezurra ematen du jendeak nola onartzen ahal duen! Eta zeri tirokatzen zioten?

- Egun horietan hegazti aunitz pasatzen ari ziren, birigarroak horien artean. Gainera, bat hilda ez dira konformatzen! Lehengo egunean argazki bat ikusi nuen, ez dakit nongoa zen,1.003 birigarro hilak eta ondoan gizon batzuk harro.

- Aseezinak ! Naturari errespetu ttikia!

- Hor ere, kolektibo guztietan bezala denak ez dira igualak, jende jatorra eta zentzuduna ere bada, baina...

- Urteroko kontua da, inguruko herri guztietan eta lurralde osoan, %100 jolas-parkea da.

- Bai, hala da. Horregatik naturazale batzuk gure herriko udalari eskaera egin genion, udalerriaren % 5 mendi babestua izateko. Bertan pertsonak eta animaliak lasai ibiltzeko. Eta, bidenabar, ia desagertua dagoen erbiak lekua izanen zuen berreskuratzeko. Eta orkatzarentzat mendi lasaia bizitzeko eta umeak hazteko.

- Gauza logikoa, zentzuzkoa... Eta?

- Deus ere ez! Ados daudela baina... badakizu nork agintzen duen.

- Euren pribilegioak ez ukitu, gero!

- Naturazaleok gutti gara, ez dugu indarrik. Mendiak ez dira gureak, eta bertan bizi diren animalia libreak gutxiago ere.

- Horrela dibertitzea ere, kalte egiten ez duten animaliak hiltzea. Kalte egiten dutenak kontrolatzea, modu selektiboan, jende kualifikatuarekin, hori bertze gauza da.

- Leitu dut garai batean Afrikako tribu batzuetan mutikoek lehoi bat hil behar zutela gizon izateko.

- Alajainkoa! Baino horik aspaldiko legendak dira. XXI. mendean gaude, 8.000.000.000 giza biztanle gara planetan.

- Ba hemen, mutiko aunitzek ez dute bertzerik buruan, zer ikusi, hura ikasi. Abentura erakargarria irudituko zaie. Eskopetak, zakurrak, todoterrenoak, emisorak, GPSak...

- Gaixoak, batzuei ez zaie bertze alternatibarik eskaintzen. Ttikitatik uste dute animalia libreak dibertsioz hiltzea eta armak erabiltzea guay dela eta gainera prestigioa ematen duela.

- Eta gizarteak zer erraten du? Gaur egun aldarrikatzen ditugun baloreak non daude?

- Batzuek beldurra diote gaiari buruz solastatzeari. Nahiago dute belarriak tapatzea, bertze aldera begiratzea eta isilik egotea.

- Badira zalantzan jartzen dutenak... badakizu, ekolojetak, animalistoak, perroflautak, Banbiren sindromedunak, frikiak...

- Guk ere hobe genuke isilik egotea edo lizentzia ateratzea.

- Agian eskubide gehiago izanen genituzke.

- Eta lagun gehiago akaso!

- Baliteke.

- Sorioneku gu!

- Lasai, martxoa noizbait ailegatuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun