Gure kamisetek zer lotsa altxatzen dute?

Hain segur, denak ere zur eta lur gelditu gara Aldatzeko Tabakoaren kasuarekin. Zenbat istorio altxatzen ahal diren zigarreta xinple baten gibelean! Kasuaren xehetasunetatik haratago, gertatutakoa baliagarria da honako galdera planteatzeko: hemen bertan halakorik gertatzen bada, zer ez da gertatuko munduaren periferietan, fokuetatik urrun?

Erran ohi da kapitalismoak bere zorrak ordaindu gabe uzten dituela. Hanburgesa merkeak McDonaldseko langileen soldata kaxkarra du gibelean; palma oliozko bizkotxo harroak Borneoko Orangutanen basoen ttipitzea; gure petroliok Qatarko eskubide urraketak eta 1,5 gradu. Eta Shein plataforman bortz euroren truke erosten ahal den animal print kamisetak? Nola da posible Zarako arropa hain merkea eta aldi berean Amancio Ortega hain aberatsa izatea? Akaso hemen erantzunaren puska bat:

  • Nafarroan Traperos de Emausek astero (astero!) 50.000 kilo arropa inguru biltzen ditu.
  • Kamiseta eta bakero bat egiteko 20.000 litro ur erabiltzen dira (pertsona batek 27 urtetan edanen lukeena).
  • Ikerlari batzuen arabera, Afrikako zenbait errekak (ehun industriaren ondoan kokatuak) duten alkalinitate maila lixibaren antzekoa da.
  • Amancio Ortega gazteen artean pertsona miretsienetako bat da inkesten arabera.
  • Inditexena zen Rana Plazako gertakarian 2013an 1.134 pertsona hil ziren eraikina erori zenean. Aitzineko egunean paretan arrakalak ikusi zituzten hainbat langilek eta ez zuten lanera sartu nahi izan.
  • Zorionez, istripu ezagunaren ondotik Bangladesheko langileen soldata ia bikoiztu egin zen! Hilabetean 28,4 eurotik 50,15 eurotara. Erregeak bezala hi! Baina halako alferrontziak gero gurera etortzen dituk lana ebastera!

Halako lotsak daude gure arropen gibelean altxatuak, berriz ere indiarrak konkistatzen dituzten bakeroak. Argazkian Alpeetako ur gardenen ondoan neguko txapel hori fashiona du influencer batek; Dhakan hori kolorea hartu duen erreka, fashionaren langile grisaren ondoan.

Baina, gainera, globalizazioak kargaontzietan ez ezik begitik begira ere bidaiatzen duenez, Andoaingo eta Shangaiko gaztearen begi ninitik influencerraren txapel hori bera sartzen denean, janzkera den espresio gaitasun eder hori pobretzen joaten da, aberastasun kultural hori ere Nike, Adidas, Zara, H&M, Quechua bezalako izenetara makurtuz. Janzkerak, hitzak, ofizioak galduz. Nork daki, agian etorkizunean zapatari karrikaren izena eramaten duen plakan bertzerik ez da agertuko.

Ereduz aldatu beharra dugu eta ahal dugu! Hor daude Traperos eta Ximikoberri edo Bask, baita bertako dendak ere. Baina, batez ere, fast fashiona eta aberastasun handiak erregulatuko dituen politika publikoak behar ditugu, eta, horretarako, argi izan Amancio Ortega ez dela sariak merezi dituen enpresari ongilea. Zenbat pobrezia behar den aberats bakoitzeko!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun