Udalerri Euskaldunen Eguna Lesakan ospatuko dute maiatzaren 18an

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 8a, 14:00

UEMAk eta Lesakako herriak elkarlanean antolatutako Udalerri Euskaldunen Eguna aurkeztu dute gaur Lesakan.
  • ‘Zubiak zeharka’ goiburupean egitarau zabala prestatu dute. Gaur egin dute ospakizunaren eta ‘Solasa izan’ abestiaren eta bideokliparen aurkezpena.
  • Oraingoz 175 udalerri inguru dira Euskal Herriaren luze-zabalean udalerri euskaldunak, biztanleen %70etik gora euskalduna dutenak.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen (UEMA) eta Lesakako Udalaren eskutik, Udalerri Euskaldunen Eguna antolatu dute maiatzaren 18an Lesakan, ‘Zubiak zeharka’ goiburupean. Egun horren xehetasunen berri emanez izan dira asteazken eguerdian Lesakako Herriko Etxean Martin Aramendi (UEMAko lehendakaria), Eneko Fernandez (Lesakako euskara zinegotzia), Itziar Telletxea (abestia egin duten Arranoband taldeko musikarien izenean) eta Aitor Iratzoki (Bor-Bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimendua). Ondotik, kanpoan argazkia atera dute, egunaren antolaketan aritu diren Lesakako hainbat elkarte eta eragilerekin.

Udalerri euskaldun guztien bilgune

Martin Aramendi UEMAko lehendakariak gaurko agerraldian nabarmendu duenez, maiatzaren 18koa udalerri euskaldun guztien eguna da, ez UEMAko kide direnena soilik. «Aspaldi erabaki zen egun hau udalerri euskaldun guztion bilgune izatea, UEMAko kide izan ala ez. Gaur egun, 175 udalerri inguru dira Euskal Herriaren luze-zabalean udalerri euskaldunak. Biztanleen %70etik gora euskalduna dutenak. Askotan nabarmendu dugu, baina maiatzaren 18an, Lesakan, festa giroan gogoratuko dugu: udalerri euskaldunek egundoko ekarpena egiten diete euskararen normalizazioari eta, oro har, Euskal Herriari. Areago: gure herriaren orube nagusiak dira, eta ez dira hitz hutsak. Aurtengo leloa ere ildo horretatik doa: zubiak zeharka. Zubiek orube sendoak behar dituzte, alde batekoak eta bestekoak elkartzeko balio dute, auzolanean eraiki izan dira mendeetan zehar, eta harri bakoitzak du garrantzia. Guztiak elkartuta sortzen da zubia, auzolanean, eta horrela gainditzen dira oztopoak. Hemen, Lesakan, badakizue zerbait zubiei buruz, eta irudi ederra da euskara eta udalerri euskaldunak zer diren islatzeko ere. Udalerri Euskaldunen Eguna bera ere zubia da, UEMA bezala: hanka bat euskalgintzan eta bestea erakunde publikoetan dugu, eta biak uztartuta ari gara lanean, auzolanean, zubigintzan».

Martin Aramendik eskerrak eman dizkie lesakarrei hasieratik erakutsitako jarreragatik eta eguna aurrera ateratzeko azken hilabeteotan egindako lan guztiagatik: «Hasieratik, Lesakako Udalari egun hau elkarlanean antolatzeko eskua luzatu genionetik, ezin hobeto erantzun du herriak, eta bileraz bilera herriko hainbat elkarte eta eragile buru-belarri aritu da. Beraz, Lesakako Udalari eta Lesakako elkarteei eta eragileei, bene-benetan, eskerrik asko».

Aitor Iratzoki, Eneko Fernandez, Itziar Telletxea eta Martin Aramendi, gaur eguerdian Lesakako herriko etxean, Udalerri euskaldunen egunaren aurkezpeneko prentsaurrean.

 

Ekimen herrikoia

Eneko Fernandezek nabarmendu duenez, «Lesaka udalerri euskalduna da, eta harro gaude lesakarren izaeraren eta nortasunaren ezaugarri nagusienetakoa euskara izateaz, euskaldunak izateaz. Horregatik, pozgarria da Udalerri Euskaldunen Eguna herrian izatea. Ilusioz aritu gara lanean azken hilabeteotan, eta maiatzaren 18an ilusio horretara batzeko deialdia egin nahi diegu herriko, Bortzirietako eta Euskal Herri osoko euskaldun guztiei. Hasieratik, gainera, argi izan dugu honek ezin zuela izan UEMAren eta Udalaren arteko kontua soilik, ekimen herrikoia baizik. Herriko elkarte eta eragileei dei egin diegu elkarlanean eguna antolatzeko, eta bikain erantzun dute».

 

Abestia eta bideoklipa: ‘Solasa izan’

Udalerri Euskaldunen Egunaren harira, Solasa izan izeneko abestia ere egin dute lesakarrek, elkarlanean. Ekhiñe Zapiainek eta Itziar Telletxeak idatzi dituzte hitzak, eta Arranoband taldeak sortu du musika. Ibai Gogortza aritu da teknikari lanetan. Abestian eta bideoklipean lesakar askok hartu dute parte. Bideoklipa, berriz, Mikel Leizaren lana izan da.

Hemen abestia eta bideoklipa:

Honakoek hartu dute parte abestian eta bideoklipean:

  • Musika: Arranoband.
    · Hitzak: Ekhiñe Zapiain eta Itziar Telletxea.
    · Ahotsa eta gitarra: Itziar Telletxea.
    · Akordeoia: Gorka Urtasun.
    · Txistua eta txirula: Gaizka Sarasola.
    · Zeharkako flauta: Nahia Baylon.
    · Tuba: Ibon Txoperena.
    · Klarinetea: Eduardo Conde.
    · Bateria: Jon Ander Ruiz.
    · Grabazioa, nahasketak eta ekoizpena: Ibai Gogortza.
    · Bideokliparen grabazioa eta edizioa: Mikel Leiza.

SOLASA IZAN

Natura da norbera, erreka, mendi zatia,
beso biak zabalik, mundu bati irekia

Sustrai-oin, suzko gorputz, ur bihotz zein txori buru
paisaiarik ederrena mingainaren puntan dugu

(Errepika)

Solasa bada izatea ta jendea euskara…
Lurrari hitza emateko herria gara

Harreman bat ez al da hizkuntzaren muina edo?
Lehendik hartu duguna ematen badugu gero!

Nire hotsak isuri, zure soinutikan edan,
elkarrekin bakarrik egin dezakegu hegan!

Plaza, erreka, etxe, baserri baten zatia,
euskara da leku bat gure baitan eraikia

Errekaren gainean zubia dago begira
Garai zaharretik edan, berriak ere iturrira

Solasa bada izatea ta jendea euskara…
Lurrari hitza emateko herria gara

 

Eneko Fernandez, Lesakako euskara zinegotzia eta 'Solasa izan' abestia sortu duen Arranoband taldeko Itziar Telletxea.

 

Egitarau zabala

Antolakuntza batzordean parte hartu duten Lesakako talde eta elkarteen izenean, berriz, Bor-bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimenduko kide den Aitor Iratzokik hartu du hitza, eta datorren maiatzaren 18rako denen artean antolatutako egitaraua aurkeztu du.

09:45ean diana, soinulari eta txistulariekin, Harriondoa kultur etxetik abiatuta.

10:00etan UEMAren Batzar Nagusia eta Euskara Taldeen topaketa, ‘Euskararen olatu berria sortzeko gakoak’. Haurrentzako herri kirolak.

12:30ean ekitaldia plazan.

13:15ean fanfarrea, Lesakako Musika Eskolako ikasleekin.

14:30ean bazkaria, Bidenabar taldeak girotuta.

18:00etan bertso-triki-poteoa, Maddi Ane Txoperena eta Josu Sanjurjorekin.

20:00etan larrain dantza herrikoia, Lesakako gaiteroekin.

20:45ean erromeria, Trikidantz taldearekin.

23:30ean DJ festa Fifi & Fefarekin.

 

Bazkarirako txartelak aldez aurretik eskatu behar dira, beranduenera maiatzaren 14rako. Horretarako, nahikoa da galdetegi hau betetzearekin, eskuratu nahi den txartel kopurua zehaztuz. Gainerakoan, Lesakan eta Bortzirietako zenbait lekutan ere eskuratu daitezke. Hemen leku horiei eta bazkariari buruzko informazio zehatzagoa, menuarekin eta gainerakoekin batera.

 

Aitortza Euskal Herrian Euskaraz taldeari eta haren sortzaileei

Udalerri Euskaldunen Egunean, ohikoa izaten da euskararen aldeko lanean nabarmendu den elkarte, herritar edo eragileren baten lana aitortzea. Aurten, UEMAk, Lesakako Udalak eta antolakuntzan aritu diren herriko eragileek horrela erabakita, Euskal Herrian Euskaraz taldeak jasoko du omenaldia, maiatzaren 18an eguerdian egingo den ekitaldi instituzionalean.

Izan ere, EHE sortzeko lehen bilerak Lesakan egin zituzten, eta hasierako talde-sortzaile hartako kide ziren Kontxi Erro eta Antton Erkizia euskaltzale lesakarrak. Horien lana aitortzea erabaki zuten antolatzaileek, baina omenaldia talde-sortzaile osoari eta EHEk urte askoan euskararen alde egin duen lanari zabalduta.

Sortu zenetik, euskararen aldeko hamaika ekimen antolatu ditu EHEk, eta egindako ibilbidea gogoratzeko, eskerrak emateko, eta taldekide izan direnei dagokien aitortza egiteko modua izango da omenaldia.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun