Herri mailako lagun ezkutua antolatu du Etxalarko Altxata elkarteak

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 27a, 09:00
Pello Apezetxea kultur etxean dagoen zerrendan eman behar da izena liburuak elkar trukatzeko lagun ezkutuan parte hartzeko.

Haur, gazte, heldu, denentzat bideratutako ekimena da, Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira

Pantailen munduan erabat murgilduta gauden honetan, apirilaren 23an Nazioarteko Liburuaren Eguna dela aprobetxatuz, herri mailako lagun ezkutua antolatu du Etxalarko Altxata kultur eta kirol elkarteak. Lagun ezkutua izanen balitz moduan, bakoitzari tokatzen zaion pertsonari liburu bat oparitzea izanen da josteta. Pello Apezetxea Kulturgunean izena emateko orri bat paratu dute eta parte hartu nahi dutenek apirilaren 9a baino lehen eman beharko dute izena. Apirilaren 9an, 17:00etan, lagun ezkutuaren zozketa eginen dute Kultur Etxean.

Norbait ezin bada apirilaren 9an zozketara agertu, aste horretan zehar arratsalderen batean pasa daiteke Kultur Etxetik zozketako papertxoa hartzera. Apirilaren 10etik apirilaren 23ra kutxa handi bat egonen da Pello Apezetxea Kulturgunean. Liburua opari paperean bilduta eta bakoitzari tokatu zaion pertsonaren izena jarrita utzi beharko da kutxa horretan.

 

Apirilaren 23an kutxa zabaltzea

Apirilaren 23a, Nazioarteko Liburuaren Eguna izaki, 17:00etan zabalduko da kutxa erraldoia, bakoitzak bere oparia har dezan. Norbait ezin bada apirilaren 23an bere liburua biltzera agertu, aste horretan arratsalderen batean pasa dadila Kultur Etxetik bere oparia hartzera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun