Naroa Plaza

Amaiur jokoen bitartez ezagutzeko egitasmoa

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 26a, 08:00
Amaiurko eskolako 26 ikasleetatik 24k ikastetxean bazkaltzen dute, eta jangelarako dirua bildu nahi dute gurasoek.

«Herria bertze ikuspuntu batetik ezagutzeko modu bat» eskaintzeko helburuarekin, 'Altxor izkutua' izeneko jokoa sortu dute Amaiurko gurasoek. «Elkarrekin momentu dibertigarri bat pasa nahi duen edozein lagun kuadrillari edota sei urtetik goitiko haurrak dituzten familiei» dago zuzendua.

Escape room zalea da Naroa Plaza gurasoa; «arras gustukoak ditut, eta momentu komikoak bizi izan ditut lagunekin gelatik ezin ateratzeak ekartzen duen presio horrek eraginda. Arras interesgarria egiten zait nire buruak nola erreakzionatuko duen ikustea». Zaletasuna horretatik abiatuta erabaki zuten sortzea street escape jokoa herrian. «Urte osoan jende aunitz pasatzen da Amaiurtik eta hori baliatu nahi genuen bisitariei zerbait ezberdina eskaintzeko. Eta zer hobe, jostetan baino!». 

Egitasmoarekin eskolako jangelari laguntzeko dirua bildu nahi dute. Izan ere, «gaur egun Amaiurko eskolak 26 ikasle ditu, eta horietatik 24k bertan bazkaltzen dute. Hortaz, jangela zerbitzuak garrantzia handia dauka eskolan». Azken urteetan, «zorionez, haur kopuru dezente sortu da herrian, baina herri ttikietan hori nahiko ziklikoa izan ohi da. Beraz, kezka dugu hurrengo urteetan haur kopurua beheiti joanen dela eta jangela zerbitzua mantentzeko kuota igo beharko dela».

Smartphone bat eta ongi pasatzeko gogoa

Horrelako joko bat zerotik prestatzea ez da lan erraza eta buruhauste aunitz izan badituzte ere, «gogoz eta ilusioz egina dago, publikoari gustatzeko asmoz. Egia da gaia nahiko argi genuela hasieratik, Amaiurko historiarekin lotu nahi genuelako. Zailtasunik handiena frogak asmatzea izan da; jokoa kalean izanda, frogak finkoak izan behar dute, manipulatu ezin direnak, horrela gibeletik heldu den taldeak jokatzeko prest izanen ditu beti». Gainera, «mota guzietako frogak bilatu nahi izan ditugu, jokalaria harritu ahal izateko».

Jokoa kanpoan izateak bereziagoa egiten du; «kasu honetan ez dugu denbora mugaren presioarekin jokatuko (edo bai! hori talde bakoitzaren erabakia da) eta erritmoa jokalariek jarriko dute». Honez gain, «taldeak smartphone bat izatea beharrezkoa izanen da, QR kodeak eskaneatu ahal izateko. Horiek izanen dira jokoaren kandadu digitalak».

Azaldu duenez, «jokoaren harreran laguntzak eta erantzunak dituen QR kodea emanen zaio taldeari. Beraien esku geldituko da noiz eta zenbat laguntza behar duten, horrela, edozeinek izanen du helmugara ailegatzeko aukera».

Momentuz jolas orduak Amaiurko arkeologia zentro-museoko ordutegiekin bat joanen dira, hau da larunbatetan 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara eta igandetan 11:00etatik 13:00etara. Gainera, «Aste Sainduan herriko plazan postu bat paratuko dugu, ortzegun arratsaldetik igande goizera, eta egun horietan jokatzera etortzen direnei gurasook eginen diegu harrera».

Hala ere, «ordu edo egun horietatik kanpo jostatu nahi bada, mezu bat bidaltzen ahalko da escape.amaiur@gmail.com helbidera. Eta ordutegiak behar bezala kudeatzen laguntzeko, helbide horretan erreserba egitea komeni da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun