Urdazubiko XII. Burniaren Eguna arrakastatsua suertatu da

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 12a, 12:43

Bizkaiko burdina monastegira ekartzen zuteneko antzezpena egin zuten berriz ere

Urdazubiko Burdinaren Eguna giro bikainean ospatu zuten agorrilaren 10ean. Hamabigarren edizio honek gaiarekin lotutako jarduera egitarau zabala izan zuen. Bertzeak bertze, burdin minerala idi-gurdietan garraiatzen zeneko ibilbidea antzeztu zen. Axular baserritik Urdazubira, idiek tiratutako gurdi batean zetorren burdin mineralaren segizioa plazara ailegatu eta han itxi zuten tratua Bizkaiko benakeroek eta Salbatore monastegiko abadeak, duela mende batzuk egiten zuten moduan. Argazkiak: Fernando Anbustegi

Ospakizunean izan ziren agintarien artean, Zelaieneko Javier Larraldek egin zuen monastegiko abadearen antzezpena. Olagizonak, berriz, Mattin Villares eta Joxe Mihura izan ziren; Jose Antonio Agirre, Jose Luis Gomez, Juan Luis Sarratea, Chistian Fonnote eta Mikel Beola mojeak. Azkenean, urrezko 12 txanponen eta moje bakoitzaren 150 otoitzen truke erosi zuten burdin harria. Jesus Mediavillak Bizkaiko Aurreskua dantzatu zuen.

Brun anaien arotz lanak ikusteko aukera ere izan zen plazan. Zikiro-jatean 300 bat lagun bildu ziren, tartean Pobeñako 50, eta giro ederrean bukatu zuten eguna, Bankako Menditarrak taldearekin eta mariatxiekin kantari.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun