Azokak, kontzertuak, ospakizunak eta gehiago izanen dituzte asteburuan Saran

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 12a, 19:00
Mahaiaren inguruan bilduko dira larunbat honetan ere Beti Gazte elkartekoa.

Larunbatean Beti Gazte elkartekoen bazkaria eta Artilearen Eguna ospatuko dituzte

Ekitaldiz ongi hornitua doa ereiaroa eta hemendik aitzinerako asteak ere halaxe izanen dira Saran. Ortzegunero ekoizleen merkatua egiten segituko dute frontoian, 08:00etatik 13:00etara. Ortzirale honetan, berriz, ereiaroak 14, Lanetik egina elkarteko ikasleek musika kontzertua eskainiko dute Lur Berri gelan, 19:00etan. 

Larunbatean, alde batetik, Beti Gazte elkarteak uda aitzineko bazkaria antolatu du, 12:30ean Pleka trinketean, eta erretretatu guztiei egin diete joateko gomita. Bertzetik, egun berean, Artilearen Eguna ospatuko dute. 09:00etatik aitzinera frontoian azoka eta tailerrak izanen dira. Asteburua borobiltzeko, Har Hitza Elkarteak antolatuta, Sara Oinez mendi ibilaldia eginen dute igandean, 25 kilometroko itzulia. Izena 06:30etik aitzinera eman beharko da kiroldegian eta mendizaleak 07:00etatik 08:00etara abiatuko dira.

 

Heldu den astean gehiago

Ereiaroaren 20an, Erlauntza abesbatzak kantaldia eskainiko du elizan, 21:00etan hasita eta biharamunean, hilak 21, eskola publikoaren besta eginen dute. 18:00etatik aitzinera ikasleek ikusgarria eskainiko dute kiroldegian eta jatekoa eta edatekoa ere izanen da. Eskubaloia maite dutenek, berriz, larunbatean, hilak 22, dute hitzordua, Urtxintxak elkarteak norgehiagoka antolatu baitu kiroldegian 09:00etan. Jatekoa eta edatekoa ere eskainiko dute.

Ereiaroaren 26an Mendi Xola abesbatza elizan ariko da kantari, 21:00etan, eta hilabeteko azken larunbatean, ereiaroak 29, St Joseph ikastetxoek besta izanen dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun