Zorroztarri erakustaldia ikusgai Senperen maiatzaren 19rat arte

Zorroztarri erakustaldia ikusgai Senperen maiatzaren 19rat arte
Larraldean ikusi ahal da, maiatzaren 19rat arte. Argazkia: Mikel Iraztorza.

Erakustaldiak preso diren hiru kideren zizelkadurak eta bertsuak uztartzen ditu. 

2017an sortu zen egitasmoa. Ré uhartean preso ziren Zigor Merodio (Bilbo, 1974), Alaitz Areitio (Iurreta, 1979) eta Yon Troitiño (Intxaurrondo, 1980)elgarrekin lan egiten hasi ziren, norbera bere zaletasunaren arabera : Zigor harria zizelkatzen, Alaitz Areitio eta Yon Troitiñoren bertsuak asmatzen eskulturen erranahiak adierazteko, edo iradokitzeko bederen. Geroztik, hirurak elgarretarik bereiztu izanagatik ere, jarraikitzen dira. Beraien lanak espetxeetarik kanporat aterarazten dituzte, Zorroztarri izeneko erakustaldi ibiltariaren bidez.

Larraldean ikusgai maiatzaren 19rat arte
Mikel Iraztorza beraien adiskidea da, eta erakustaldiak antolatzen ditu: «Hegoaldean ainitzetan erakutsi dugu jadanik. Iparraldean egitekotan, Larraldean ezartzea ezinbertzekoa iduritzen zitzaigun». Xabet ortziralean hantxe zen behatzaile gisan, eta haren erranetan «arras polita atzeman dut». Zizelkadura bakoitzaren ondoan, bada argazki bat eta dagokion bertsu idatzia (Edu Martinezek egina). QR kodea ere bada, telefono adimentsuarekin irakurri ahal izaiteko. Astia behar da pasatu, zeren eta eskultura ainitz badira. Berriz etorriko naiz».

Bertsuak, zizelkadurak eta grabaketa
Mikel Iraztorzaren iduriko, estreinaldi ederra erdietsi dute: «Karia hortarat bina bertsu igorriak zituzten Alaitzek eta Yonek, Irati Alcantillak eta Egoitz Zelaiak kantatu izan dituztenak. Zigorrek grabaketa ere helarazi zigun. Presontegietan izanik ere, gure artean ziren. 50 behatzaile elkarretaratu ditugu, eta ihardokipen hunkigarriak aditu eta idatzi ditut (bada liburu bat sartzean ihardokipenak biltzeko)». Senperetik lekora, Hendaiako Mendi Zola gelan ezarriko dute Zorroztarri erakustaldia. Maiatzaren 22tik, heldu den asteazkenetik, aitzinera han ikusi ahal izanen da.

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun