Urdazubiko auzoetarako ur-hornidura proiektuaren lanak uda honetan hasiko dira

Ttipi-Ttapa 2017ko mar. 10a, 14:14
Urdazubiko auzoetara ura eramateko lanak uda honetan hasteko asmoa dute.

1,7 milioi euroko aurrekontua izanen dute eta Europako FEDER Funtsak, Nafarroako Gobernuak eta Urdazubiko Udalak ordainduko dute 

Urdazubiko auzoetarako ur-hornidura proiektuko lanak uda honetan hasteko asmoa du Urdazubiko udalak, berriki bizilagunei eta Baztango Udalari jakinarazi dienez. Lanen aurrekontua 1.720.646 eurokoa da (gehi BEZa).

 

Joan den abenduan VS Ingeniería y Urbanismo enpresari esleitu zitzaion proiektuaren garapena eta lanak egiteko lehiaketa maiatzean hasiko da. Otsondon mila metro kubiko dituen ur-biltegia eraikitzeaz gain, auzoetako biltegiak ere egokituko dira eta hauen arteko kanalizazioa ere eginen da.

Proiektu honekin, Urdazubiko Udalak auzo guzietako ur-hornidura segurtatu nahi du datozen 25 urtetarako. Biltegi nagusia eta kanalizazio gehiena Baztango lurretan daude, baita Urdazubiko bizilagun batzuen lurretan ere, eta hauekin solasean hasiak dira, lanek zer eragin izanen duten informatzeko.

Abuztuan hasi gogo dituzten lanekin ur-hornidura arazoak akitzea espero dute. Erraterako, azken udan Alkerdi auzora ura zisterna-kamioietan eraman behar izan zuten, idortearen eraginez.

Gogoratu behar da maiatzean H2O-Gurea mugaz gaindiko proiektua onartu zela eta egitasmo honetan parte hartzen du Urdazubiko Udalak, bazkide gisara. Egitasmo honen Hegoaldeko zatia dagokio Urdazubiko ur-hornidura proiektuari, 984.320 euroko aurrekontuarekin. Zati honen %65a Europako Eskualde Garapenerako Funtsetik (FEDER) ordainduko da, %25a Nafarroako Gobernuak eta %10 Urdazubiko Udalak. Gainerako 736.363 euroak, auzoetako biltegiak egokitzeko eta kanalizazioak egiteko erabiliko da eta Nafarroako Gobernuaren eta Urdazubiko Udalaren artean ordainduko dute.

 

H2O-Gurea mugaz gaindiko proiektua

H2O-Gurea proiektua Agglomération Sud Pays Basque erakundeak gidatzen du eta bazkide gisara daude, Urdazubiko Udalarekin batera, Gipuzkoako Aldundia, Uraren Euskal Agentzia, Servicios de Txingudi S.A, eta Gestión Ambiental de Navarra (GAN) erakundeak. Horrez gain, Nafarroako Gobernuaren, Adour-Garona Ur Agentzia eta Pirinio Atlantikoen Departamentuaren babesa dauka. Proiektu honekin, edateko uraren hornidura segurtatzeaz gain, uholde-arriskuen aitzinean kudeaketa bateratua egitea eta Bidasoa, Urdazuri eta Urumea ibaien kalitatea hobetu nahi da eta bazkide bakoitzak bere lana dauka.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun