Arrakastatsua suertatu da Sarako lehen kabalkada

Ttipi-Ttapa 2016ko urr. 10a, 09:41
Sarako plaza jendez gainezka, lehen aldiz emandako Kabalkada ikusten.

Urriaren 9an, igande arratsaldean Sarako plazak jendez gainezka egin zuen, Zazpiak Bat dantza taldeak bultzaturiko emanaldia ikusteko

Urriaren 9an, igande arratsaldean plazan saratarrek kabalkada arrakastatsua eman dute.  Sarako plaza, emanaldia hasi baino oren erdi bat lehenagotik gainezka. Hiru orduko emanaldi gustagarria eskaini zuten Zazpiak Bat taldeko 54 dantzarik, 19 antzerkilarik, 23 kantarik, 9 musikarik, 4 zaldizkok eta bi bertsolarik, bertze hainbat laguntzaileren lanari esker.

 

Egitarauari dagokionez, Desfilean, Mutxikoak (Bolant dantza eta ainhoarrak) eman dituzte; antzerkian, lehen auzia eta kantua; Gabota eta Mutxikoak (azkaindarrak) dantzatu zituzten; antzerkian, bigarren auzia eta bertsuak;  Makil Ttiki eta Mutxikoak (saratarrak) dantzatu zituzten; antzerkian, hirugarren auzia eta bertsuak; scotish eta bigarren kontradantza eta deliberoaren ondotik, Fandangoa eta Arin Arina, azken kantuarekin bukatzeko. Ellande Alfaroren hitzek dioten bezala:

Hau da gure Kabalkada

Eta aunitz kabal bada

Zimino, apez, urrezerri!!

Gure esku da Sara!

 

Proiektu hori Zazpiak Bat taldeak bultzaturik gauzatu da, 2011ko Oroitzapenetik bidaiarat ikusgarriaren ildoa segituz.

Dantza errepikak 2015eko urrian hasi ziren eta antzerkia berantago maiatza inguruan. Ikusgarrian kabalkadako ohiturazko dantzak ikusi dira: mutxiko, kadriak, gabota, fandango, arin arina eta makil ttiki.

 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun