Ur-hornidura arazoak dituzte Urdazubiko Alkerdi auzoan

Ttipi-Ttapa 2016ko ira. 8a, 07:26

Behin behineko neurri gisara, egunero edateko urez betetako 5 zisterna-kamioi auzora eramateko erabakia hartu du Udalak

Urdazubiko Alkerdi auzoko bizilagunek arazoak dituzte ur-hornidurarekin. Izan ere, idortearen ondorioz, itturiak agortu xamarrak daude eta ez da ur nahikorik ailegatzen ur-depositora. Egoera honen aitzinean, behin behineko neurri moduan, egunero urez betetako 5 zisterna-kamioi auzora eramateko erabakia hartu du Udalak, auzotarrek edateko ura izan dezaten.

Gogoratu behar da maiatzean H2O-Gurea mugaz gaindiko proiektua onartu zela eta egitasmo honetan parte hartzen du Urdazubiko Udalak, bazkide gisara. Proiektu honen helburuetako bat da Alkerdi  auzorako edateko ur-hornidura bermatzea da, ur-sare ezberdinak elkarlotuz. Proiektu honen espedientea hobetzen ari dira gaur egun, bertze gauzen artean, Nafarroako Gobernuak hitzemandako aportazioa baieztatzen duen agiriaren esperoan.

H2O-Gurea proiektua Agglomération Sud Pays Basque erakundeak gidatzen du eta bazkide gisara daude, Urdazubiko Udalarekin batera, Gipuzkoako Aldundia, Uraren Euskal Agentzia, Servicios de Txingudi S.A, eta Gestión Ambiental de Navarra (GAN) erakundeak. Horrez gain, Nafarroako Gobernuaren, Adour-Garona Ur Agentzia eta Pirinio Atlantikoen Departamentuaren babesa dauka. Proiektu honekin, edateko uraren hornidura segurtatzeaz gain, uholde-arriskuen aitzinean kudeaketa bateratua egitea eta Bidasoa, Urdazuri eta Urumea ibaien kalitata hobetu nahi da eta bazkide bakoitzak bere lana dauka.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun