Lehenbiziko pausoak lurrean eman aitzinetik, zaldi gainean ibilia zen Maider. Horregatik ez da harritzekoa Ahate jokoan parte hartu eta antolaketa lanetan ere ibiltzea. Azaldu digunez etxetik datorkion afizioa da «denak ibiltzen dira zaldian eta gainera, urte batzuetan galduta egon ondotik, nere osabak eta bere lagunek berreskuratu zuten ahate jokoaren ohitura». Dena den, «zaldunak juntatzea gosta» egiten zaiela dio «inguruko herrietakoei egiten diegu gonbidapena». Ekitaldia girotzeko, badute ideia bat aurten «azken urteetan egin ez den arren, ahate jokoa hasteko zaldunek herrian barna itzulia egitea polita litzateke, txarangaren laguntzaz».
Antzinako ohitura
Azketa ostatuaren ondoko belaian izaten da Ahate jokoa, zaldunek eta kapitainak parte hartzen dute «zintzilik dagoen ahateari burua kentzea izaten da helburua. Kapitaina izaten da ahate azpitik pasatzen lehenbizikoa eta ezpata batekin ematen dio lehenbiziko kolpea». Jokoa bere horretan bortitza dela onartzen du eta polemika ere izan da noizbait «nik aunitz maite ditut animaliak. Ahatea hilik dago eta ez du sufritzen. Gainera, bertako baserri batetik erosten ditugu ahateak eta badakigu ez direla esplotatuak izan. Herriko ohitura bat da eta mantentzea nahiko nuke».
Ahate jokoaz gain, lehenbiziko eguna ere gustuko du «muxikoekin etxez etxe eskean joaten gara. Gero herri bazkaria izaten dugu eta segidan joko besta». Duela gutxi berreskuratu den ohitura da eta «giro oso ona izaten da. Jendeak barrua ongi bustitzen du goizean goizetik hasita eta gero parte hartzen dugularik, kristoren irriak botatzen ditugu».
Zikiroa ere ezin aipatu gabe utzi «jende pila bat ibiltzen da, kanpotarrak gehienak. Herrikoak lanean aritzen gara, baina, hori konpentsatzeko bestetatik astebetera herrikoentzat zikiroa izaten dugu».
Eta besta ondoren, zaldi gainetik, oholtza gainera eginen du jauzia. Sorgin haizeak taldeko kidea da eta «udazkenean Donostia 2016 hiriburutzak Zugarramurdin antolatuko duen ekitaldian parte hartukodugu».