Olerki Bilduma berria aurkeztu dute Senpereko Hatsaren Poesia Egunean

Ttipi-Ttapa 2016ko api. 8a, 12:11
Euskal Herri osoko olerkariak bildu ziren igandean Senpereko Larraldean.

Hemezortzigarren edizio honetan 114 idazlek parte hartu dute bakarka eta 250 gaztetxok taldeka eta Auxtin Zamora antolatzailea omendu dute

Hatsa hartuz, hatsa jaurtikiz, hatseginez, 18 garren aldi batez, Hatsakide zonbait elkartu ziren Senpereko Larraldean apirilaren 3an, urteko olerki bilduma berriaren agurtzeko. Aurten 114 idazleek parte hartu dute bederazka eta 250 gazte-gaztetxoek taldezka. Gainera, Auxtin Zamora antolatzailea omentzeko ere baliatu dute eguna.

 

Liburuaren sar hitza, Antton Kazabonek idatzia, berak irakurri zuen, «haurtzaroan barru-barruan gorde poz ttiki guztien kaxa xuria idekiz». Datoren urteko sar-hitzaren idazlea, Graxi Solorzano izanen da, horrela du suerteak Maksim Zestau olerkari gaztetxoaren eskuaren gandik, erabaki.

Zorionez urtero olerkari berriak sortzen dira, hala nola 24 olerkari gehiagok bai eta bi eskolatako haurrek ere parte hartu duten aurten. Hatsaren filosofian da, olerki idazleak behar duela olerki irakurle bilakatu, eta olerki irakurleak olerki idazle, Hatsaren Poesian idazten dutenen guzien artean, margolari, argazkilari, zizelkari, musikari eta artista asko izanez, aurten erabaki da 'Hatsa Arte'' deituko den erakusketa baten antolatzea: Larraldean Abuztuko lehen hiru asteen barnean . Beraz parte hartu nahi duten guzieri atea idekia zaie.

 

Olerkarien Eguna abian

Bertzalde, Olerkarien Eguna deitu ekimena hasi zen apirilaren 2an Larraldean Lastozko ihesgunetan argazki-testo bideo batekin. Orai, uztaila arte, norberak bakarrik edo beste batzuekin egituratu lezaken ekitaldi poetiko guziak sartu daitezke Olerkiaren Egunaren ekimen hortan. Azkenik, Hatsa elkartetik aipatu dutenez, «gure miresmen sentikorrenak, Joanmari Irigoien-i, Imanol bere anaiaren laguntzarekin, duen gaixotasunaren haraindikatuz,  gure artean  eguna iragan duelako. Agur bero bat ere, Euskal herritik hurrun diren hatsakide guzieri eta bereziki Moskuko Leire Zabala, New Yorkeko Elizabeth Macklin, Uruguaieko Leonat Egiazabal, Erromako Alex Mendizabal, Bartzelonako Goiuri Unanue-ri».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun