Eraberriturik eta indarturik ospatu da Sarako idazleen 33. biltzarra

Franck Dolosor 2016ko mar. 29a, 10:03
Jende aunitz ibili da aurten Sarako Idazleen Biltzarrean. Argazkia: Goiko

Itxaro Borda idazle oparoa eta Michel Iturria marrazkilaria izan ziren protagonista Bazko Astelehenean, haien ibilbidea omendu baitu aurtengo azokak 

Durangoko azokaren ahizpa txikia guztiz berrituta eta indartuta ospatu zuten atzo Larrun mendi magalean. Sarako euskal idazleen hogeita hamahirugarren edizioan ohi baino bisitari gehiago bildu zen Lapurdi eta Nafarroa lotzen dituen herrian. Hitzorduak berritasun asko ekarri zituen, kultur animazioak eskainiz lau gunetan: erakusketa artistikoen txokoa; liburu berriak dohainik kontsultatzeko txokoa; haurren txokoa, animazio eta ikusgarriekin; eta mintzaldien eta hedabideen gunea.

 

Sarako Biltzarra elkarte jaio berriak antolatu zuen azoka ezaguna lehen aldiz eta antolatzaileak pozik azaldu ziren aurtengo helburuak bete zirelakoan. Gazte gehiago erakarri eta euskarari toki handiagoa eskaintzea izan zuten xede nagusitzat eta biak ongi bete ziren atzo Saran.

Azken hilabeteetan transmisioaren inguruan berrehun ikasle gaztek egin zituzten lanak aurkeztu ziren biltzarrean. Ohi baino ume gehiago joan zen azokara eta beren familiekin batera 11 argitaletxe, 22 elkarte eta 105 idazleren azken berritasunak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten, hauean artean, Agurtzane Anduetza zugarramurdiarraren Esku aldunak (Maiatz), Jean Louis Davant euskaltzain zuberotarraren Bidean kantalotsez (Maiatz), Egoitza Zelaieta bertsolariaren Eta galtzeak bagara zer edota Txomin Peillen euskaltzainaren Nina Waita eleberria.

Argitaletxeei baino idazleei ematen die lehentasuna biltzarrak eta atzoko edizioan ere irakurleek idazleekin zuzenean mintzatzeko aukera izan zuten egun osoan, hauean artean Asisko Urmenetarekin edo Gabi Mouesca Iparretarrak taldeko preso ohiarekin. IK-ko kide ohiak idatzi duen La nuque raide liburuaren euskarazko eta gaztelaniazko itzulpenak aurkeztu zituen Alkartasuna fundazioak, Lepo gogorra eta Inquebrantable, hurrenez hurren.

Biltzar sariak Itxaro Borda idazle oparoa eta Michel Iturria marrazkilariarentzat izan ziren aurtengo Biltzar Sariak. Azken berrogei urteetan aktualitateari buruzko 140.000 marrazki argitaratu ditu Iturriak Sud Ouest egunkarian, Ipar Euskal Herrian gehien saltzen den agerkarian. Bere aldetik, Itxaro Bordak Maiatz argitaletxearen eskutik joan den abenduan argitaratu zuen Ultimes Déchets eleberria aurkeztu zuen atzoko Sarako idazleen biltzarrean. Iparralde mailan hondakinak nola tratatzen diren eta zer nolako ondorioak dituen gure artean du ardatz liburuak.

Itxaro Bordak pozik eskuratu zuen saria, horrelakorik merezi duen ez dakien arren. «Ez naiz baitezpada sarien gibeletik dabilen izkiriatzaile bat, enetzat gordean eta isilean izanagatik, idaztea delako inportanteena« zioen oragarrearrak. Dena den, Sarako ikurra plazer handiarekin hartu zuen Bordak, Axular handiaren itzalpean.

Bordaren arabera, irakurleekiko harreman estua lantzeko lekurik egokiena da Sarako biltzarra. Literaturaz gain, oroitzapen ahaztezinak dauzka beti idazleak, «Sara herria bera eta eguerditan zerbitzatzen duten oilo saltsa, ahotik ezin utzia, amak egiten zuen bezala prestatua». Ahoan bilorik gabe, Itxaro Bordak dio mota horretako gastronomia ere literatura hutsa dela. Ultimes déchets eleberria argitaratu ondoren, gaur egun artikulu zenbait prestatzen ditu behe nafarrak, poema batzuk orrazten, ideia apurrak biltzen, informazioak, sentsazioak paperean etzaten. Betiko ildo beretik lanean eta sorkuntzan segitzen du Sarako idazleen biltzarrak ohoratu duen idazleak.

Manex Pagola kantu egile behe nafarraren antologia aurkeztu zuen Elkar etxeak. Landibarreko semearen ehun kantu hoberenak agertzen dira liburu bikoitzean eta diskoan, hauean artean Azken dantza hau, Ardiak lerro lerro edota Urtxintxak. Aspalditik egin behar zen lana dela dio Pagolak, harro. 1958 eta 2015 garaian moldatutako testuez gain, Jo Marrisek landu dituen partiturak agertzen dira euskarazko antologian. Euskal Herriko berrogei kantarik eta taldek musikatu dituzten Manex Pagolaren kantuak.

 

Sarako gudaria

Victor Iturria Sarako gudariaren biografiak arrakasta berezia izan zuen halaber atzoko azokan. Nortasun handiko lapurtarra kontrabandista izan zen lehenik eta geroago Charles de Gaulle jeneralarekin bat egin zuen 1940an Munduko Bigarren Gerra garaian. Ibilbide aipagarria izan zuen Iturriak eta bere gorabeherak aztertu, ikertu eta argitaratu ditu Catherine Marchand-ek, La Semaine du Pays Basque astekariko kazetariak, Kilika Senpereko argitaletxearen eskutik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun