Urdazubiko Alkerdiko lezea Gizateriaren Ondare izendatzeko eskatu du SOS Alkerdik

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko ots. 5a, 07:01
SOS Alkerdiko ordezkariak, asteazkenean Parlamentuan. Argazkia: Iban Aginaga (D. Noticias)

Lezeen inguruan historiaurreko altxor gehiago dauden jakiteko ikerketa egitea eskatu diote Gobernuari

SOS Alkerdi Plataformako bortz ordezkarik Nafarroako Parlamentuan Urdazubiko lezeen eta grabatuen balioa aitortzeko eskatu zuten otsailaren 3an. Gobernuari egin zitzaion eskaera,  Nafarroako Gobernua izan dadin Alkerdiko lezea Gizateriaren Ondare izendatzeko pausua emanen duena. Bertzalde, 2012ko leherketa plana behin betiko bertan behera uzteko eskatu zuten Patxi Iriarte, Aitor Ollo, Malen Vilches, Jon Arrieta eta Maxu Fagoaga plataformako ordezkariek. Plan hau «erabat ilegala» dela eta «atzera bueltarik izanen ez duten ondareen kalteak» ekarriko dituela argi du SOS Alkerdik. 

 

Erabilera handitzea

Plataformak emandako datuen arabera, 1999tik honat baliabideen erabilera aunitz handitu du harrobiak eta 46.000 metro koadro erabiltzetik 120.000 metro koadro erabiltzera pasatu da. Harria mozterako orduan, «2 kilo baino guttiagoko lehergaiak erabiltzetik, 1.500 kilo bitarteko lehergaiak erabiltzera pasatu dira, urtean 21.000 kilo inguru».

Gaur egun urtean 863.000 metro kubiko lur mugitzen dute ha­rrobian, baina ustiaketa-plan berriarekin 2.300.000 metro kubiko mugituko lirateke, 30 urtez. «Dantxarineko merkataritza gunetik, gaur egun bi kamioi pasatzen dira eta plana beteko balitz, 31 kamioi ibiliko lirateke».

Erabakiak hartzeko momentuan Urdazubiko bizilagunen ongizatea eta lehen sektore, turismo eta merkatari­tzari lotuak dauden bertako jarduerak kontuan hartzeko eskatu zuten. Gainera gogorarazi zuten 600 metroko segurtasun eremu horretan Alkerdi eta Leorlas auzoak daudela, etxebizitzak, bordak, lande­txeak, jatetxeak eta baita Ikaburuako lezeak ere, «dimentsio hauetako segurtasun eremua ziurtatzea ezinezko egiten dutenak». Gainera, kontuan hartu behar da Nafarroako Paleolitiko garaiko grabatu bakarrak bertan aurkitu dire­la eta horiek babesteko eskari berezia ere egin zuten. Aldi berean, ingu­ruan gisa horretako «al­txor gehiago» ote dauden ikertzea ere eskatu zuen SOS Alkerdik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun