Urdazubiko harrobiaren ustiaketa jasangarriaren alde agertu da Dantxarineko Merkatarien Elkartea

Ttipi-Ttapa 2015ko aza. 10a, 10:36
Harrobiak Alkerdiko lezearen ondarea errespetatu behar duela uste du Dantxarineako Merkatarien Elkarteak.

Alkerdiko lezearen ondare garrantzitsua errespetatuz burutu behar dela eta jarduera zabaltzeak arriskutsua dela ere uste du

Dantxarineako merkataritza, hostalaritza eta zerbitzu elkarteak Alkerdiko harrobian burutzen diren explotazio lan eta jardueren gainean adierazpena argitara eman du. Elkarteak, «natura inguruari loturiko herri garapen tipologia eta egitura errespetatzea garrantzitsu eta estrategikotzat» jotzen du, «modu jasangarrian, inguruko natura eta kultur baliabideak balioan jarriz eta errespetatuz, balio horiekin bat egiten duten turismoaren eta merkataritzaren sustapen eta kudeaketa bultzatuz».

 

Natura, ingurugiro eta kultura inguruarekin errespetuzkoak diren gizarte eta ekonomia jardueren herriko sustapen estrategiarekin bat egin du elkarteak, lehen mailako eta hirugarren mailako jarduerei bultzada ematearen bidez. Modu berean, Estrategikotzat jo du «sektore publiko eta pribatuaren arteko lankidetza, natura eta ingurugiro balioak zein gizarte eta ekonomia garapen jasangarriaren balioak babestu ahal izateko, eta estrategia horretan halaber Urdazubi-Dantxarinea inguruarekin errespetuzkoa eta jasangarria den natura, kultura, ondare, turismo eta merkatartiza helmuga moduan amankomunean sustatzea».

Inguruabar honetan, Alkerdiko harrobiko explotazio eta jarduera lanak Alkerdiko lezeen kultura, natura, arkeologia, arte eta historia ondare garrantzitsua errespetatuz burutu behar direla iritzi dio Dantxarineko Elkarteak, «bai harrobiaren eta lezeen barrenean zein inguruko babes gune guztian». Zentzu honetan, esplotazio jarduerak zabaltzeak «aipatu ondare garrantzitsuarentzat arriskutsua izateaz gain, zabaltze horrek Urdazubi-Dantxarinea inguru guztiarentzat eragin garrantzitsuak sortzen ditu, pisu handiko kamioien trafikoa handitzeagatik bertara iristeko errepideetan eta hortik eratorritako arriskuak areagotuz, bide segurtasunari eraginak sortuz, leherketa jarduerak handitzeagatiko soinu ingurugiro eraginak sortuz, eta azken finean natura eta ingurugiro inguruarekin errespetuzkoa den Urdazubi-Dantxarinea helmugaren garapen jasangarri estrategiari eraginak sortuz».

Alkerdiko harrobiaren explotazioa aipatu balio eta estrategiekin bateragarria izan daitekeela iritzi dio Dantxarineko elkarteak, «aipatu eraginak guttituko dituen heinean, ingurugiro eta natura zein ondare arauek eta udal arauek ezarritako baldintzak eta mugak errespetatuko dituen heinean, eta inguruko ezaugarri eta neurrien arabera egokituko den heinean, babestu beharreko aipatu balioekin bateragarria izango den jarduera izan dadin».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun