Udal kudeaketa proba eta azalpenik gabe susmopean jartzea salatu du Urdazubiko alkateak

Ttipi-Ttapa 2015ko urr. 15a, 10:07
Santiago Villares Urdazubiko alkatea, irratsaio batean.

Geroa Baik azken bortz urteotako fiskalizazio-txostena eskatu dio Kontu Ganbarari eta laguntzeko prest azaldu da Santiago Villares

Inolako azalpenik edo arrazoi zehatzik eman gabe azkeneko legealdiko Urdazubiko udalaren lana susmopean jartzea salatu du Santiago Villares alkateak . Villares harritua agertu da, azken bortz urteetako udalaren kudeaketaren fiskalizazio txostena eskatu baitio Kontu Ganbarari Geroa Baik. Aldi berean, diru publikoa behar ez ziren obrak egiteko erabili denik ukatu du Urdazubiko alkateak.

 

Urdazubiko alkateak elkarlanerako borondatea ere agertu du eta Udalak ez duela inolako arazorik Kontu Ganbarak bere kudeaketa azter dezan, «transparantea» izan delako. Modu berean, gogoratu du Kontu Ganbarak 2011n ere aztertu zituela udalaren kontuak eta ez zuen kudeaketan inolako irregulartasunik topatu.

Nafarroako Parlamentuan Geroa Bai alderdiko bozeramaile den Koldo Martinezek egindako adierazpenei erantzun dio gisa honetara Santiago Villaresek. Martinezen erranetan, «bere taldeak diru publikoaren erabilera ez egokiaren susmoak ditu», baina ez zuen bertze azalpenik eman. Urdazubiko alkateak, bere aldetik, ardura eta zuhurtzia eskatu die politikoei, oinarri eta frogarik gabeko susmoak aireratu aitzinetik.

Santiago Villares alkateak gogoratu duenez, 2007an Azkar taldeak Urdazubiko Herriko Etxea gobernatzeko ardura hartu zuenean, 430.957 euroko saldoa eta 1.023.888 euroko zorra (maileguak barne) zuen Udalak. Legealdi hura bukatzerakoan, udalaren saldoa 570.577 eurora igo zen eta zorra, berriz, 375.989 eurora jautsi zen. 2015eko apirilean, 1.369.000 euroko aldeko saldoa aurkeztu zuen Urdazubiko Udalak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun