SOS Alkerdik dio lantegiaren produkzioaren %10 bertzerik ez dela Urdazubiko harrobitik ateratzen

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko ira. 11a, 11:53
Nafarroako parlamentariek ere bixitatu dute aurten Alkerdiko harrobia, SOS Alkerdi plataforma, Urdazubiko udal ordezkariak eta Marmoles Baztan enpresako ordezkariak lagun zituztela.

Halere, bere elkartasuna adierazi die Mármoles de Baztan enpresako langileei

SOS Alkerdi Plataformak, prentsan azaldutako azken berrien ondorioz eta Nafarroako Gobernuko EKonomia-Garapen Departamentuarekin izandako lehen bileraren ondoren, bere solidaritatea erakutsi nahi die Mármoles de Baztan enpresako langileei, “jasan behar duten lan erregulazio, mehatxu eta kaleratzeen inguruan.

 

Enpresak erabaki hau baieztatzen du arrazoituz Urdazubiko harrobian 3.000 kiloko leherketak aurrera eraman ezin izanaren ondorioa dela, baina SOS Alkerdik dioenez, «kontutan hartu beharrekoa da Mugairiko zatitze eta prestatze plantak bertze harrobietan erositako %90eko harriarekin egoten duela lan, Alkerdiko harria %10ekoa soilik izanik. Gaineratu beharra dago 2009tik 2011ra harrobia itxita egon zela eta enpresak funtzionatzen jarraitu zuela». Datu hauek Ekonomia-Garapen Departamentuko espedienteetan islatzen dira eta enpresak berak utzitakoak omen dira, nahiz eta enpresako zuzendaritzatik Ttipi-Ttapari egindako adierazpenetan, produkzioaren zatirik handiena Alkerditik ateratzen dutela eta horiek ustiatu ezinean, lantegiaren bideragarritasuna ezinezkoa dela erran.

Nafarroako Gobernuak joan den abuztuaren 24an deitutako bilerari dagokionez, SOS Alkerdi Plataformari deigarria iruditzen zaio «bilera Iñaki Morcillo Jaunak deitua izatea, Industria, Energia eta Berrikuntza Orokorreko zuzendariak hain zuzen, berak onetsitako leherketa-espedienteen tramitazioen legalitatea defendatu zuenak. Ezarpen horiek ingurugiroari eta Hirigintzan egindako arau hausteengatik isunak aplikatzea ekarri dio Mármoles de Baztán enpresari».

Bertzalde, irailaren 1ean izan zen bilkuran mehatze espedientearen tramitazio administratiboa soilik landu zen. Bilera horretan onartu zen 2012an onartutako leherketen plana aurrera ateratzerakoan ez zela ondare arkeologikoa kontutan hartu, eta horrek Alkerdiko labarretako artearen suntsitzea ekar zezakeen. «Inoiz ez zen era ofizialean ziurtatu Nafarroako Paleolitiko garaiko hormako arte ezagun bakarraren segurtasuna», dio SOS Alkerdiren oharrak.

Foru administrazioak ustiapen espedientearen tramitazioa legala izan zela babestu zuen, nahiz eta Marmoles de Baztan enpresak zigorrak jasotzea suposatu, «berorren inplantatzeak ingurugiro eta hirigintza arloko lege hausteengandik».

SOS Alkerdi plataformak bertze bilera bat proposatuko du harrobiaren aktibitate aldaketak eta 3.041kilo arteko leherketek ondare arkeologikoan duten eragina aztertzeko. 1996ko martxoan harrobiak bibrazio gutxien sortzen duten teknikak erabiltzeko baldintza eta 1999an Nafarroako gobernuak erabakiriko leherketen debekua zertan geldituko diren jakin nahi du Plataformak.

Bertze aldetik, irailaren 19 eta 20an ospatzen diren Ondarearen Europako Jardunaldien harira, Urdazubi eta Sarako lezeen arteko ibilaldi bat ere antolatu du SOS Alkerdik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun