Sunbillako Herrera anaiak erreleboka nagusi Euskal Herriko mendi duatloi zirkuituko proban

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 28a, 07:05
Sunbillako Herrera anaiak podioko goitiko koxkan eta Maritorena eta Aniz baztandarrak hirugarrenean, larunbatean Amasako probaren ondotik.

Larunbatean Amasan hirugarren izan ziren Unai Iantzi eta Jon Maritorena lehengusu baztandarrak ere.

Euskal Herriko mendi duatloi zirkuiturako baliagarria zen proba jokatu zen larunbatean Amasan (Gipuzkoa). Erreleboka, eskualdeko kirolariak bikain ibili ziren. Sunbillako Eneko eta Koldo Herrera Urroz anaiak lehenbizikoak izan ziren eta Anizko Unai Iantzi Maritorena eta Gartzaingo Jon Maritorena Zenoz lehengusuak hirugarren.

Sunbillako anaiek ordubete, 15 minutu eta 23 segundo behar izan zituzten ibilbidea osatzeko: 4,18 kilometro lasterka, 17,79 kilometro mendi bizikletan eta azken 2,43 kilometroak berriz ere lasterka. Hugo Teixeira eta Ibon Ruiz de Alda izan ziren bigarren (1.17.57) eta Unai Iantzi eta Jon Maritorena baztandarrek osatu zuten podioa (1.18.16). Guztira 24 bikotek parte hartu zuten erreleboka egindako lasterketan, tartean Ainhoa Etxegarai Elgorriaga beratarra eta Asier Biurrarena Ubiria lesakarra ere.

Txapelketa hau Igantzin abiatu zen irailaren 5ean eta orduan ere Koldo Herrera nagusi izan zen erreleboka, orduan Txantreako Aitor Blancorekin. Ondotik egun dira Igartza, Urduña, Aiara, Ibarra, Zegama eta Amasako probak eta Aiakoa eta Adunakoa falta dira txapelketa bukatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun