Apirilaren 8an eta 9an eskualdean barna pasatuko da Euskal Herriko Itzulia

Euskal Herriko Itzuliko hirugarren etapak Ibardinen izanen du helmuga. Leitza eta Goizuetatik pasatu ondotik, Oiartzundik barrena Agiñatik ailegatuko da Lesakara eta hemendik Berarako bidea hartuko du Ibardinen helmugaratzeko. Laugarren etapa, berriz, Beratik abiatuko da eta bertzeak bertze, Belate, Saldias eta Donezteben barna igaroko da, Errenterian bukatu aitzinetik.

Apirilaren 6an Eibarren hasiko da aurten 60. edizioa beteko duen Euskal Herriko Itzulia eta sei etapatan 897,9 kilometro egin ondotik apirilaren 11n bukatuko da Bilbon. Hirugarren eta laugarren etapetan eskualdean barna ibiliko dira txirrindulariak, apirilaren 8an eta 9an.

3. etapa, apirilaren 8an. Gasteiz-Ibardin, 197,98 km

Gasteiztik aterako da itzuliko hirugarren etapa eta Uitzitik ailegatuko da eskualdera, Leitzara, hain zuzen. Leitzatik Usategietan barna Goizuetara joanen da eta handik Gipuzkoarako bidea hartuko du. Oiartzunen barna ibili ondotik Aritxulegitik Agiñarako bidea hartuko dute txirrindulariek eta Agiñatik Lesakara jaitsiko dira. Berarako bidea hartuko dute gero eta Ibardinera goiti abiatuko dira han 197,98 kilometroko itzulia borobiltzeko.

4. etapa, apirilaren 9an. Bera-Errenteria, 175,83 km

Bezperan Ibardinen helmugaratu ondotik, apirilaren 9an eginen den laugarren etapa Beratik aterako da, 13:00etan. N-121-A errepidean barrena Oronoz-Mugairira ailegatutakoan, errepide zaharra hartuko dute eta Almandozen barna Belateko portua igoko dute. Segidan, Arraizko bentetatik Lizasora abiatuko dira. Orokietan barna Saldiastik igaroko dira gero eta Beintza-Labaien, Urroz, Oiz eta Donamariako Bentetatik pasatutakoan Doneztebera ailegatuko dira. Handik Berarako bidea hartuko dute eta orduan utziko dute eskualdea txirrindulariek, Irundik barna pasatu eta Errenterian helmugaratzeko.

 

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun