Presoen eskubideen alde bizikleta txapelketa antolatu dute

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 23a, 06:30
Joan den urtean, Ibardinen bukatu zen kronoeskalada.

Maiatzetik urrira bitarte sei proba eginen dituzte. Horietan lehenbizikoa igande honetan, Saran eginen da. Txapelketa borobiltzeko final haundia urriaren 19an Ibardinen izanen da.

Nafar Erresumako kronoeskalada txapelketa antolatu du KronoEskaladak elkarteak, presoen eskubideen alde. Asteburu honetan hasita, Ipar Euskal Herriaren eta Nafarroaren arteko portuetan sei proba eginen dituzte urrira bitarte eta horietako batzuk TTIPI-TTAPAren eremuan jokatuko dira. Lehenbizikoa Saran izanen da, igande honetan, maiatzak 26, Usopop jaialdiko egitarauaren barne. 11:00etan hasita Lizarietako portua izanen du bizikleta probak helmuga.

Ekainaren 23an Urdazubitik abiatuta Otsondora igo beharko dute kirolariek. Uztailaren 28an, berriz, Baigorritik Izpegira igo beharko dute; abuztuaren 24an Luzaidetik Ibañetako portura joan beharko dute eta irailaren 28an Larraine herritik portura igo beharko dute. Lau txapelketa horiek 10:00etan hasiko dira. Txapelketa borobiltzeko urriaren 19an final haundia eginen dute; Urruñako plazatik 09:00etan abiatu eta Ibardinen helmuga izanen du.

Ez da gisako kronoeskalada bat antolatzen duten lehenbiziko aldia. Joan den urtean, Urruñako Elkartasun Taldeak, lehen aldikoz, kronoeskalada bat antolatu zuen euskal presoen hurbilketaren alde. Ibardinen helmugaratu zen eta antolatzaileak gustura gelditu ziren erantzunarekin. Aldi berean, Usopop Sarako musika jaialdikoek aurten Lizarietan gauza bera egiten laguntzeko eskatu zieten. Hortik abiatuta, elkartea sortu eta Nafarroaren eta Ipar Euskal Herriaren arteko portuetan txapelketa bat proposatzea erabaki zuten: sei hilabetez sei portu, sei igoera.

Txirrindulariek nahi adina lasterketetan ematen ahalko dute izena, www.kronoeskaladak.net atarian. Euskal Herriko eta kanpoko txirrindulariei egin diete parte hartzeko deia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun