«Pisuzko erabakiak herriak hartu behar ditu»

Ttipi-Ttapa 2017ko mai. 13a, 09:00
a­txi Castillo Graziarena Bortzirietako Eman Bor­tzekoa Elkarteko kidea da eta Alaitz Eskudero Bergara Mendialdeko Gure Esku Dago Elkartekoa.

Bide luzea egin du Gure Esku Dagok 2014ko giza-kateaz geroztik. Eta orain, herri-galdeketen txanda da. Ekainaren 18an eskualdeko bederatzi herritan eginen dituzte galdeketak: Arano, Arantza, Areso, Bera, Etxa­­lar, Goizueta, Igan­tzi, Leitza eta Lesaka. Pa­txi Castillo Graziarena Bortzirietako Eman Bor­tzekoa Elkarteko kidea da eta Alaitz Eskudero Bergara Mendialdeko Gure Esku Dago Elkartekoa eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete.


Nolako balorazioa eginen zenukete orain arteko ibilbideaz? Nola begiratzen diozue ekainaren 18ari?
Patxi CASTILLO: Balorazio ona eginen nuke. Gero eta jende­ gehiago gara­, eta giro gehiago ere so­ma­tzen da, batez ere he­rri­ ttikiagoetan. Beti ba­da­ enteratzen ez den jendea, kasu sobera egiten ez duena edo bertze sal­tsetan ibiltzen dena, baina azken aldian egin ditu­gun ekimenetan, espero ez genuen jendea mugitu dela ikusi dugu.
Alaitz ESKUDERO: Giza katea, oihalak ehuntzea… Orain erronka berri baten aurrean gaude, eta itxaro­pentsu gaude. Izan ere, Herri Galdeketa egin ahal izateko sinadura kopurua bikoiztu dugu Mendialdean. Horrek babes zabala dugula erakusten digu, eta beraz, seguru gaude ekainaren 18a egun ahaztezina izanen dela.
P. C.: Gu ere itxaropen­tsu eta ilusioarekin gaude, baina erronka bat ere bada. Oraindik ere badugu denbora, eta ukitu ez dugun jende ho­rrengana joan behar dugu, bai ekitaldietan eta bai intimitatean ere. Ekainaren 18ra osasuntsuago ailegatzea da erronka.


Sentsibilitate desberdineko herritarrengana iristea duzue helburu. Lortzen ari zarete?
A. E.: Bai, 2014ko giza katean eta oihalak ehun­tzeko ekimenetan ere sen­titu genuen sentsibilitate desberdinetako jendea hurbildu zela, ezin ikusiak alde batera utzita­. Ilusioa ikusi zen, hemen he­rri bat dagoenaren sentimendua. Orain, sentimendu eta ilusio hori guz­tia ekainaren 18an hautestontzietan sartzeko ardura hartu dugu. Ekitaldi desberdinen bidez, jendea ekainaren 18ko galdeketaren garrantziaz ohartzen ari da, ilusioa pizten ari da. Dena den, hurrengo hilabeteetako ekimenak izanen dira benetan indarra emanen diotenak herri galdeketari. Beraz, herritarrak gonbidatu nahi ditugu parte hartzera eta erabakitze eskubidearen eztabaida beraien inguruan zabaltzera.
P. C.: Puska batean gu ere lortzen ari gara, he­rri ttikietan errazago. Baina ez da ailegatzea bakarrik­, jendeak kontzientziatu ere egin behar du. Espero ez genuen aunitzek badakite galdeketa bat antolatzen ari garela. Baina jendeak ulertu behar du garrantzitsua dela parte hartzea. Oraindik auni­tzek galdetzen dute zertarako balio duen galdeketak. Berez, galdeketa horrek zuzenean ez du eraginen, baina helburu haundiak lortzeko lehena­gotik helburu ttiki ba­tzuk lortu behar dira. Eta helburu ttiki batzuk aipa­tzen hasita, hor dugu Debagoienako kasua. Herri-galdeketaren ondotik, hainbat udalek parte-har­tzearen in­guruko ordenantza bat berritu dute, eta urteroko aurrekontuaren zati bat herritarrek erabakitzen dute plenotik pasatu gabe, hori delako erabakitzeko eskubidea.


Herritarrek parte har­tzea nahi duzue. Berdin dio baiezkoa ala ezez­koa nagusitzeak?
P. C.: Bai, bai, berdin dio. Galdera erabakitzeko prozesuan gaude, baina galde­ra dena delakoa ere, berdin dio baiezkoak, ezezkoak, zurian bozkatuta, baliogabeak...  Helburua garbi dugu: jendeak parte hartzea, solastea eta erabakitzea.
A. E.: Norberak askatasun osoz emanen du bere erantzuna. Helburu nagusia ahalik eta jende gehienak parte hartzea da. Sentsibilitate desberdine­tako jendeak herri honen etorkizunaren inguruan hausnarketa egin eta erabakitzeko aukera izan dezala. Baiezko nahiz ezez­ko bozka ematen duena, erabakitzen ari da, eta horrek gizartea aberastu egiten du. Ez dugu zifra konkreturik helburutzat, prozesua baita gehien inporta zaiguna: erabaki­tze eskubidearen inguruko eztabaida kalean egotea, jendea aktibatzea… eta Nafarroako milaka herritarrek, lehenengo aldiz, normaltasun osoz eta istilurik gabe, berme guz­tiekin bozkatzea.  


Zergatik bozkatu behar dute herritarrek?
P. C.: Beraien hitza, aho­tsa adituarazi nahi badute ez dago bertze modurik, eta modu legala da. Etorkizunean, eta espero­ dugu etorkizun hur­bilean­ izatea, udaletan, eskualdeka, herrialdetan, estatu mailan, galdeketa lotesle ba­tzuk egitea. Ez da ezinez­koa. Suitzan, lau urtean behin eguneroko gestioaz arduratzeko Gobernua aukera­tzen dute. Baina garrantzitsuak diren gaiak he­rrita­rrek erabakitzen dituzte boto bidez. Guk ere ez dugu nahi gure etorki­zuna guztiz baldintzatuko duten erabakiak he­rri mailan bortz, zazpi edo hamaika lagunek edo estatu mailan 350 pertso­nek erabaki­tzea. Pisuzko erabakiak herriak hartu behar ditu.
A. E.: Orain arte herrita­rrok ez dugu gure herriaren etorkizunaz demokratikoki erabakitzeko aukerarik izan, eta gainera, horretarako eskubiderik ez dugula sinestarazi nahi izan digute. Nafarrok historian lehen aldiz izanen dugu gure estatusari buruz erabakitzeko aukera

, eta hiru eskualde handi  izanen gara aitzindari. Horrek duen balioaz­ ohartu behar dugu. Gainera, guk erabakitzen ez badugu, beste batzuk eginen dute gure partez.


Zergatik da garrantzi­tsua galdeketa hauek orain egitea?
P. C.: Zenbat eta lehenago hasi galdeketak egiten, orduan eta lehenago hasiko gara guri begira dauden instituzio horiei indarra egiten, eta lehenago aldatuko dira gau­zak. Ezin dugu ber­tze inork guregatik gauzak egiteko esperoan egon, guk egin behar dugu gurea. Ez badugu deus ere egiten, ez da deus ere aldatuko.
A. E.: Momentu historikoa da hau. Alde batetik, Ipar Euskal Herriko hiru probintziak elkarrekin pausoak ematen hasiak dira. Bestetik, Hegoaldeko bi instituzioetan eraba­kitze eskubidearen aldeko joerak ditugu. He­rrien erabakitzeko eskubidearen praktika pil-pilean dago Europan. Zergatik Euskal Herrian ez? Behingoz­, Euskal Herriko herri guztiak hasiak gara noranzko berean arraun egiten, hortaz, aukera hau aprobe­txatu beharra dago.


Galdeketa eta gero zer?
P. C.: Herri elkarte bezala­, Eman Bortze­koa elkarteak segitzeko bidea badu­, herritarren hitza adituarazten duen elkartea izanik, orain arteko helbu­ru berdinekin. Horrez gain, ezin dugu ahantzi, gureak izanen direla, Mendial­dea, Sakana, Basaburua eta Imotzekin batera, Nafa­rroako lehenbiziko galde­ketak, eta guri begira ber­tze hainbat nafar egonen direla. Gai izan behar dugu behar dituz­ten erre­min­ta eta lagun­tza guztiak emateko, galdeketen olatu honek Nafarroa guz­tia busti dezan.
A. E.: Anbizioz eta ilusioz lan egiten segituko dugu, izan ere, oraindik galdeketa gehiago iritsiko dira, hiriburuetara adibidez. Horrez gain, ekainean Herritarron Ituna aurkeztuko da: erabakitzeko eskubidearen alde sortzen ari diren forma eta eduki anitzeko adierazpen guztiak bilduko dituen ituna. Itun demokratikoa, gure erakunde eta eragileekin elkarlanean. Erabaki oro herrita­rron esku jartzea da helburua. Beraz, galdeketak eta gero ere Gure Esku Dagok lanean segiko du.


Zerbait gaineratuko zenukete?
P. C.: Bozkatzeko gonbitea luzatuko nieke herritarrei, zenbat eta jende gehiagok bozkatu, herria­rentzat hobe izanen baita. Hau ez da Gure Esku Dagoren helburua baka­rrik, ezta aunitzek pentsa­tzen duten bezala aber­tzaleen kontua ere. Helburua he­rriarena da, ez­ker-eskuin, zahar eta gazte, neska eta mutil, arraza guztikoena... Denok osatzen dugu he­rria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun