Helduentzat DBH titulua eskuratzeko ikastaroa antolatu dute ikasturte honetan ere Baztan-Bidasoaldean

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko api. 21a, 07:11
Eskualdeko gizarte zerbitzuetako eta udaletako ordezkariek, matrikulazio kanpainaren berri eman zuten Malerrekako Mankomunitatean.

Apirilaren 24tik maiatzaren 5era irekiko da izen emateko epea

Baztango Udalak, Malerrekako eta  Bortzirietako Mankomunitateak, Gizarte Zerbitzuen bitartez, zonaldeko institutuekin eta Cederna Garalurrekin elkarlanean, eskualdeko helduentzako irakaskuntza programa publikoa eta doakoa indarrean jartzea lortu zuten 2015ean. Lehen ikasturtean 8-10 lagunek izena eman zuten eta 2016-17 ikasturtean 20 bat lagunek lortu dute DBHko titulua. 2017-18 ikasturterako izen emateko epea apirilaren 24tik maiatzaren 5era irekiko da.

 

Matrikulazio kanpainaren berri emateko agerraldia egin zuten apirilaren 20an Malerrekako Mankomunitatean. Baztan-Urdazubi-Zugarramurdi, Bortziriak eta Malerrekako Gizarte Zerbitzuen ordezkari, Laura Andresena, Itziar Iguzkiagirre eta Begoña Alberro izan ziren eta udal ordezkari gisara, Marga Erdozain eta Juan Cruz Iriarte, Doneztebe eta Baztango zinegotziak eta Josu Iratzoki, Berako alkatea.

Nafarroako hainbat eskualdetan indarrean zegoen helduentzako irakaskuntza zerbitzua, eta Baztan-Bidasoaldean, berriz, 2015. urtera bitarte ez. «Huts handia sumatzen genuen, ikasketak bukatu gabe utzi zituenak aukerarik ez baitzuen ordura arte inguruan ikasketak bukatzeko», aipatu zuten.

Zerbitzu honekin eskualdean bertan, aukera eman nahi izan diete  bere garaian ikasketak akitu gabe utzi zituzten herritarrei. 18 urtetik goitiko herritarrei oinarrizko ikasketak eskaintzea izan da  helburu; doakoa eta hezkuntza sare publikoaren bitartez. Parte-hartzaileek Bigarren Hezkuntzako titulazioa eskuratzeko  aukera izan dute. Irailetik ekainera izaten dira ikastaroak eta lau hilabeteko lau modulo osatzen dituzte, bi ikasturtetan titulua ateratzeko moduan.

Beraz, bere garaian ikasketak bukatu gabe utzi zituzten herritar guztiei dei egiten diete 2017-2018ko ikasturtean ere DBH-ko titulua eskuratzeko taldean izena ematera, apirilaren 24tik maiatzaren 5era arte epea zabalik dago eta Lekarozko institutuko bulegoetara deituz egin daiteke. Telefonoa 948581803 da eta ordutegia, astelehenetik ortziralera 08:00etatik 15:00etara eta asteartean 18:00ak arte.

Honen inguruko informazio zehatzagoa eskuratu nahi izanez gero edo zalantzaren bat argitu, Gizarte Zerbitzuetara deitu behar da (Malerrekan, 948451746; Baztanen, 948580006; Bortzirietan, 948635036).

 

Lanbide Heziketa Zentru berriaz

Gai honekin lotuta, eskualderako Lanbide Heziketa Zentru berriaren inguruan, Hezkuntza Departamentuarekin batera egiten ari diren lan handiaren berri ere eman zuten Baztan, Malerreka eta Bortzirietako udal ordezkariek: «Eskualdeko 27 udal ari gara lanean, lan batzorde bat osatua da. Eskualdearen erditsuan balizko hiru kokaleku aztertuak ditugu, teknikoekin batera, Donezteben, Narbarten eta Oronozen. Okerragoa litzateke leku bakarrik ere ez izatea». Udarako proiektu pedagogikoa ezagutzera emanen dutela aipatua dute Hezkuntza Departamentutik eta gero erabaki beharko da non kokatu zentroa. Eraikuntza lanak 2019 urtean hastea aurreikusia dago. Zentru berri horrek hartuko luke eskualdeko Lanbide Heziketako eskaintza guztia, eta, hortaz, Berako Toki Onak eta Lekarozek institutu moduan bakarrik segituko lukete.

Elizondoko Lanbide Eskolan, datorren ikasturteari begira bi ziklo berri eskainiko dituzte eta hori albiste ona dela ere aipatu zuten, «zentru berria egin baino lehen ere, gure inguruko Lanbide Heziketako formakuntza eskaintza zabaldu nahi dutela adierazten baitu».

Gaur egungo Lanbide Heziketa eskaintza zabaltzeko ere baliagarria izanen litzateke zentru berria, «gaur egungo instalakuntzekin eta baldintzekin ezin baitira hainbat adar eskaini». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun