Turistei eskualdeko hizkuntza errealitatearen berri emateko esku-orria argitara eman dute

Ttipi-Ttapa 2017ko api. 5a, 15:39
Baztan, Bortziriak eta Malerrekako Euskara Zerbitzuen argitalpenaren azala.

Baztan, Bortziriak eta Malerrekako Euskara Zerbitzuek

Baztango, Bortzirietako eta Malerrekako euskara zerbitzuek elkarlanean eskualde hauetara datozen turistentzako eta bisitarientzako argitalpena prestatu dute eskualdean euskarak duen presentzia nabarmentzeko eta turistei euskarara hurbil daitezen gonbidatzeko.

 

Eskualde hauetako promozio turistikoa lantzen denean, bertako paisaia, baliabideak, kultura, ohiturak eta tokiak kontuan hartzen dira. Baina ez da berdin jokatzen hizkun­tzarekin, eta euskara ere bada Baztan, Malerreka eta Bor­tzirien marka. Gabezia horri aurre egin nahian hiru eskualdeetako euskara zerbitzuek, Uraren Bailarak eta Baztan Bidasoa Turismo Elkargoaren laguntzarekin, argitalpen bat banatuko dute bisitarien artean.

Argitalpenak Baztan, Bor­tziriak eta Malerrekako hizkun­tza errealitatearen berri ematen duen azalpentxo bat dakar euskaraz, gazteleraz, fran­tsesez, katalanez eta ingelesez. Azalpen horretan azpimarratzen da eskualde horietan euskara hizkuntza bizia dela, eta horrez gain bisitariei ahal duten neurrian euskara erabiltzeko gonbita egiten zaie. Horretarako oinarrizko hiztegi bat erantsi da, gaztelera, frantsesa, katalana eta ingelesera itzulia. Horrekin batera QR kode bat agertzen da, www.hiztegitxoak.eu orrialdera eramaten duena; bertan euskarako hiztegia hizkuntza gehiagotara itzulia aurki daiteke (eta alderantziz).

Argitalpen honen 25.000 ale egin dira, eta Aste Santutik aurrera egonen da hiru eskual­deetako turismo bulego eta toki turistiko garrantzitsuenetan. Edozein kasutan, turismo arloko edozein eragilek argitalpenaren ale batzuk eskuratu nahiko balitu, nahikoa luke hiru eskualdeetako edozein euskara zerbitzurekin harremanetan jartzearekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun