erran.eus

Apirilaren 3an pasako da Korrika gure eskualdetik

  Euskara  Mendialdea

Gauerdian Azkainetik Sarara sartuko da eta arratsalde ilunabar aldera Baigorritik Erratzura joanen da

Batzuk lelopean martxoaren 30ean hasi zen 20. edizioa beteko duen Korrika eta apirilaren 9ra bitartean, Euskal Herriko zazpi herrialdeetan barna 2.535 kilometro eginen ditu euskararen aldeko lasterketa haundiak.

Apirilaren 3an pasako da Korrika gure eskualdetik
Korrikaren lekukoa 2013an Saratik igaro zenean. | Ikusi handiago | Argazki originala

 

Bilbon bukatu zen duela bi urteko Korrika, eta Bizkaian hasiko da oraingoa, Otxandion eta Iruñean bukatu. Baina tarte horretan eskualdeko herri batzuetatik pasako da. Apirilaren 3an, gauerdian Sarako lurretan sartuko da euskararen aldeko lasterketa, eta handik Senpere alderako bidea hartuko du. 01:00 baino pixka bat lehenxeago ailegatuko da Senperera. Gero Maule aldera joanen da Korrika eta Zuberoa utzi eta berriz Nafarroa Beherean sartuta,  Baigorritik Baztan aldera abiatuko da. Apirilaren 3an berean, 18:20 aldera Erratzutik pasako da Korrika eta Elizondora joanen da gero. Oronoz utzita Doneztebera 21:00 alderako ailegatuko da. Doneztebetik Iturenerako bidea hartuko du, eta Zubietatik Saldiasera sartuko da. 22:30 alderako Saldiasera ailegatuko dela aurreikusi dute antolatzaileek. Saldias izanen da eskualdean Korrikaren lekukoa ibiliko den azken herria, handik Orokietan barna Ultzamarako bidea hartuko baitu.

'Batzuk' leloa du 20. Korrikak; 'bat' eta 'zuk' hitzak elkartu dituzte. Honela azaldu dute Korrikaren antolatzaileek: "hizkuntza, kultura, mundu 'bat' sendotzeko bidean, 'zuk' ere bat egin dezakezu, zeuretik, zeure hizkuntz aberastasuna eta kultur aniztasun unibertsala bizi ditzazun: ikasiz, erabiliz, ahalbidetuz".

 

Eskualdean barna apirilaren 3an

Sara: 00:06

Senpere: 00:56

Erratzu: 18:22

Elizondo: 19:19

Oronoz-Mugairi: 20:15

Doneztebe: 20:54

Ituren: 21:20

Zubieta: 21:45

Saldias: 22:30

 

Korrika Kulturala

Korrika girotzeko hainbat ekitaldi egiten ari dira herriz herri. Egunean berean ongietorria emanen zaio eta eskualdeko hainbat ikastetxetan Korrika Ttikia ere eginen dute egunotan. Korrika Kulturalaren baitan hainbat jarduera egin dira hilabete osoan eta oraindik bertze batzuk ere eginen dira.

Erraterako, apirilaren 1ean, Urdazubin larunbat arratsaldeko 8etan Gutik Zura dokumentala eskainiko da, eta ondotik Marijose Barriola zuzendariarekin solasaldi bat eginen da.

Apirilaren 8an berriz, Zugarramurdin izanen da besta: goizean Bote luze txapelketa izanen da Sara, Senpere, Etxalar eta Zugarramurdiren artean. Ondotik bazkaria Arleun elkartean  (izena Maxintxenean eman behar da), eta arratsalde apalean kontzertuak: Joseba B. Lenoir Trio eta talde sorpresaren bat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa