Nafarroako Mendialdea banda zabal ultralasterraz hornitzeko egitasmoa azaldu dute

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko ots. 21a, 08:47

Eskualdean, Leitza-Areso eta Berakoa daude aurreikusiak 2018an egiteko eta Malerreka (Doneztebe eta Zubieta artean) eta Etxalarkoa erreserban

Otsail honetan Nafarroako Gobernuak eta Nasertic-ek, Cederna Garalur Elkartearekin lankidetzan, hainbat bilera egin dituzte udalekin Toki Inbertsioetarako Planean (TIP) banda zabala hedatzeko aurreikusitako jardueren xehetasun teknikoen eta administratiboen berri emateko.

Neurrien xedea da udalerriak kanalizazio baten bitartez lotzea, eta horrela 1.500etik gorako herrien agregazioak sortzea; kopuru hartzen da landa-eremuetan operadoreak hedatzeko errentagarritasuneko gutxieneko atalasea. Denetara, 2017-209 aldian, 9 esku-hartze proposatu dira Nafarroako Mendialderako, gehi beste bost erreserban; denetara 6,6 milioi euro. Esku-hartze horiek baterako finantziazioa dute: % 80 Nafarroako Gobernuak paratuko du, eta gainerako % 20 sustatzaile izanen diren udalek jarri beharko dute.

2018rako aurreikusitako adarren artean, Leitza-Aresokoa (132.000 euroko inbertsioa) dago, eta 2019rako Berakoa (30.800 euroko inbertsioa). Erreserban daude, berriz, Malerrekako adarra (Doneztebe-Elgorriaga-Aurtitz-Zubieta-Ituren-Donamaria, 272.800 euro) eta Etxalarko adarra (145.200 euro).

Proposatu diren eskualde-sareak Nafarroako Gobernuaren datu-sare nagusiaren inguruan hedatuko dira, eta zuntz optikoa sartzeko eta eremurik bakanduenetan irrati-estaldura hedatzeko esku-hartzeak aurreikusi dira.  Bereziki adierazgarriak dira 2019rako aurreikusi diren 4 adarrak, ekialdeko Pirinioak lotzen dituena.

Nafarroako Gobernuarentzat funtsezkoa da esku-hartze hau lurraldea sozialki eta ekonomikoki egituratzeko, zerbitzua ematen baitie enpresei, herritarrei eta zerbitzu publikoei. Europako Batzordearen eskakizunen arabera, sare berriek gutxienez 30 Mb/s-ko abiadura emanen dute; hau da, gaur egun Mendialdeko lekurik gehienetan dutena baino 10 bider azkarragokoa. 

Jarduera finalista ez bada ere, alegia ez du zuntz optikoa pasatzen, etorkizunean operadore pribatuen zuntz optiko hori iristea erraztuko du, obra zibila operadoreen sare-hedapenaren % 80 baita.

Aurreikusitakoaren arabera, otsailaren amaieran udalek Gobernuari jakinarazi beharko diote jarduerekin bat egiteko asmorik ote dute ala ez, baita zein udal izanen den bitartekari bakarra obrak egiteko. Lehen esku-hartzea aurten, bukaeran, jarriko dira martxan.

Argibide gehiagorako: bandaanchanavarra@navarra.es

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun