Diru-bilketa kanpaina abiatu du Bidazi elkarteak proiektuan aitzinera pausoak emateko

Ttipi-Ttapa 2017ko urt. 26a, 09:16
Alkaiagako azokaren eskaintza zabaltzeko hozkailuak jartzea da diru-bilketaren helburu nagusia.

Ekoizleei produktu gehiago saltzeko aukera emateko eta kontsumitzaileentzako eskaintza zabaltzeko bi hozkailu martxan jartzea da crowfounding-aren helburua

Bertze gisako produkzioa eta kontsumoa bultzatu nahiean, bizi-kalitate osasuntsu eta jasangarriago bat lortzeko bidean, Bidazi elkartearen proiektuak aitzinera pausoak emateko crowfunding edo diru bilketa kanpaina abiatu berri du. Hozkailu bat martxan jarri ahal izateko 3.500 euro biltzea da lehen helburua eta bigarren hozkailu bat instalatzeko 7.000 eurora ailegatzea ere izanen litzateke egokiena. Ilbeltzaren 25ean abiatu eta 40 egun iraunen du kanpainak. Hortaz, Bidazi ezagutzera eta crowfoundingean parte hartzea gonbidatzen dute jendea eta trukean azokan eskura daitezkeen zonaldeko ekoizleen zenbait produktu jasoko dituzte (sagardoa, ardoa, gasna…) eta «eskualderako positiboa den proiektu polit bat lagundu izanaren ohorea». http://goteo.cc/bidazi

 

Zer da Bidazi? 

Bidasoaldean hedatua den elkarte bat da Bidazi, bertako baserritar, familia, ekoizle ttiki eta kontsumo taldeak elkartzen dituena, haien osasunari garrantzia ematen diotelako eta eskualde hobe bat eraiki nahi dutelako, bertako ekonomia bultzatuz eta lanpostu duinak sortuz, lehenengo sektorea biziberrituz.

Bidaziren filosofiaren ardatza, kontsumo eta ekoizpen kontziente eta arduratsua da, eta horren inguruan bertze hainbat arlo ere ukitzen ditu: energia berriztagarriak, banka etikoak, hondakinen gestioa, bidezko merkataritza, software librea…

Bertzelako eredu bat bultzatu eta jaten ikasteaz gain, formazioa ere ematen da, ikastaro, hitzaldi, irteera, tailer, eta bertze zenbait ekimenen bidez (elikadura, osasuna, energia, ingurumena....).

 

Zein da Bidaziren erdigunea?

Produktu ekologikoak saltzen diren azoka bat, Alkaiagan, non ezinbertzekoa den salgai jarritako produktuek bi ezaugarri hauek izatea:

- Ekologikoak izatea (edo bidean).

- Ahal bezain hurbilen ekoiztuak izatea.

Azoka hau duela hiru urte ireki zen, bainan orain jauzi bat eman nahi dute produktu freskoen eskaintza behar den bezala bermatzeko: bi hozkailu martxan eman nahi dituzte. Horrela, ekoizleei produktu gehiago saltzeko aukera eman eta kontsumitzaileentzako eskaintza zabaldu eginen da.

Hozkailu hauek martxan jartzeak suposatzen duen gastua ordaindu ahal izateko (erosketa, garraioa eta instalatzea), crowfounding bat martxan jarri dute.

 

Zer da “crowfounding” bat?

Internet bidez dirua biltzeko martxan ematen den kooperazio kolektibo bat da. Partikularren ekarpenen bidez, proiektu zehatzak finanziatzen dira. Partikular hauek proiektuaren “mezenas” edo laguntzaile bihurtzen dira, eta horretaz gain, opari bereziak lortzen dituzte, ekarpenaren arabera. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun