Eskualdeko egileen euskarazko lanak saritu ditu aurten ere Iruñeko Udalak

Ttipi-Ttapa 2016ko abe. 22a, 07:50
Iruñeko udalaren euskarazko literatur lehiaketan saritutakoak. Argazkia: Javier Bergasa (Diario Noticias)

Iban Garro lesakarrak olerkietan lehen saria eta bertso-idatzietan Julen Zelaieta beratarrak eta Eneko Fernandez lesakarrak bigarren eta hirugarren sariak lortu dituzte

Iruñeko Udalak hogeita seigarren aldiz antolatutako egile berriendako euskarazko literatur lehiaketako sariak banatu dituzte eta aurten ere eskualdeko zenbait egile sarituak suertatu dira. Iaz bezala, bertso-paperetan Julio Sotok lortu du lehen saria, olerkietan Iban Garro lesakarrak eta narrazio laburretan Ander Perez Agotek.

 

Denera 26 idazlan aurkeztu dituzte Iruñeko Udalak antolatutako lehiaketara, horietatik 13 narrazio laburrak, 8 poesia lan eta 5 bertso-paper. Kategoria bakoitzean lehen saria 2.500 eurokoa da, bigarrena 1.000 eurokoa eta hirugarrena 500 eurokoa eta 250 euroko aipamenak ere banatu dituzte.

Olerkietan, aipatu bezala, lehen saria Lesakako Iban Garro Altzurik lortu du, Hidris-n aulkia izeneko poesia bildumarekin. Iaz bigarren saria eskuratu zuen lesakarrak eta aldi honetan, «gai eta formaren aldetik poema-bilduma ausarta aurkeztu du, poesia idazteaz, askatasunaz eta bizitzaz hausnarketa egiten duena, geometrian, matematikan, pertsonaia historikoetan, naturan edota familian inspiratutako metafora originalak erabiliz», epaimahaiaren arabera.

Bertso-paperetan, Julio Sotok lortu du lehen saria, alzheimer eritasuna duen pertsona baten ikuspegitik idatzitako Nor naiz? bertso-xortarengatik. Bigarren saria, Berako Julen Zelaieta Iriartek lortu du, 167/1937; isiltasunak itxi arazi zuen auzia lanarekin eta hirugarren saria Eneko Fernandez lesakarrak lortu du, Ongi etorri, Lur! bertsoengatik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun