Eneko Otañok irabazi du Euskal Herriko bigarren mailako aizkora txapelketa

Ttipi-Ttapa 2016ko urr. 31a, 08:35
Eneko Otañok jantzi du bigarren mailako Euskal Herriko aizkolarien txapela.

Beizamakoarekin batera, Julen Alberdik lortu zuen lehen mailan aritzeko eskubidea ematen duen bigarren postua ere 

Euskal Herriko bigarren mailako aizkora txapelketako finala jokatu zuten urriaren 29an  Azkoitiko pilotalekuan. Sei aizkolarietatik lau nafarrak ziren, baina bi gipuzkoarrek lortu zituzten lehen mailan aritzeko eskubidea ematen duten bi txartelak: Eneko Otaño txapeldun izan zen, eta bigarren mailako aizkolaririk gazteena, Julen Alberdi, bigarren.

 

Kanporaketan ere nagusi izan zen Eneko Otaño eta hortaz ez zen ezustea izan txañela janztea ere. Bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko mozteko 20 minutu eta 47 segundo behar izan zituen. Julen Alberdiren bigarren postua sorpresa handiagoa izan zen, doi-doi sartu baitzen finalean. 21 minutu eta 17 segundo behar izan zituen lana burutzeko. Ander Erasun aurtiztarra hirugarren izan zen (22:29), Mieltxo Mindegia zubietarra laugarren (22:52), Kañamares III. bosgarren (23:53) eta Oihan Larretxea seigarren (24:09).

 

Xabier Zalduak desafioa

Finalaren ondotik, Xabier Zalduak bertan aritu ziren denei desafioa bota zien, 20 kanaerdikotara jokatzeko. Martxoan izanen litzateke apustua eta enborrak Zalduak berak eramanen lituzke. Zumarragakoa azaroaren 11n Azkoitiko Ixidro erretegian egonen da 20:00etatik aitzinera solasteko eta, ahal bada, apustua sinatzeko prest.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun