Donostia2016-k 'Neskatoak' dokumentala egiteko laguntza eman dio Jon Abril beratarrari

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko ira. 1a, 12:01
Argazkian, Pakita Iratzoki Berasain beratarra, grabazioko uneetako batean.

Ipar Euskal Herrira eta Frantziara neskato joandako emakumeen bizipenak bilduko ditu bideoan
Donostia2016-k kultura proiektuak bultzatzeko sortu duen Energia Olatuak deialdiaren baitan, Jon Abril beratarrak aurkeztutako “Neskatoak” dokumentala grabatzeko egitasmoa diruz lagundu du. 2.016 euroko laguntza jasoko du Abrilek dokumentala egiteko.

1940 eta 1970 urteen artean emakume aunitz euren etxea utzi eta Ipar Euskal Herrira zein Frantziako bertze hainbat tokitara joan ziren neskato lanetan aritzera. Emakume horiek, nerabe eta neska gazteak, familia utzi zuten gibelean, gehienak frantsesik jakin gabe, eta batzuetan, seme-alabak sorterrian utzirik. Gaur egungo migrazio-prozesuetan bezala, emakumeek paper hagitz aktiboa izan zuten orduko gizartean, bertan gelditzen ziren gurasoei eta etxekoei ekonomikoki berebiziko laguntza eman baitzieten. Ameriketara joandako artzainen edota mendi-mutil Frantziara joandakoen historia ezaguna bazaigu ere, ez dugu hainbertze ezagutzen emakume hauen historia, nagusiki, emakumeak direlako, eta etxeko lanak egitera joan zirelako.

Abuztuan hasi zen Abril dokumentala grabatzen. Hamabortzen bat emakumeren testigantza jasoko duen ordubete inguruko dokumentala egingo du, emakumeen lana eta borroka agerian paratu, migrazio-fenomenoak ikusarazi eta ulertarazi, eta isilpean gorde diren istorio eta historia horiek bilduz.

Elkarrizketen grabazioak urria bukaerarako bukatuta edukitzea espero du, eta ondotik, emakumeen nazioarteko egunaren ingururako, martxoaren 8rako, aurkeztu nahi luke. Beran eginen da aurkezpena, eta ondotik, Donostian eta Baztan-Bidasoako hainbat tokitan erakustea da asmoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun