'Euskal Mitologia. Haurrentzako Ipuinak' liburua paperean ere eskura daiteke orain

Ttipi-Ttapa 2015ko mai. 28a, 09:20
Bakarne Atxukarro, Asun Egurza eta Zubietako Izaskun Zubialde, liburuaren egileak.

Izaskun Zubialde idazle zubietarrarekin batera, Bakarne Atxukarro idazle irundarrak eta Asun Egurza ilustratzaile barañaindarrak egin dute

Belaunaldiz-belaunaldi, ahoz-aho gure kultura osatzen duten pertsonai, mito eta kondairak iritsi zaizkigu. Historian zehar, gure zaharrek naturan gertatzen diren fenomeno ezberdinak, ingurua eta natura bera ere ulertu dituzte mitologian oinarrituz. Ezagutza eta sinesmen hauek belaunaldiz-belaunaldi hazten joan dira. Oraingoan aberastasun hau gure 3-7 urteko txikiengana hurbildu nahi izan dute Izaskun Zubialde idazle zubietarrak, Bakarne Atxukarro idazle irundarrak eta Asun Egurza ilustratzaile barañaindarrak Euskal mitologia. Haurrentzako ipuinak bilduma liburuarekin. Orain artean liburua digital formatuan zegoen bakarrik, baina aste honetatik aitzinera liburudendetan eskura daiteke paperezko edizioa.

 

«Aurkezten dugun lan honek ondare kultural hori gurasoengandik umeengana ahoz transmititzeko helburua dauka. Ilustrazioz beteriko liburu honek helburu horiek betetzeko tresna erabilgarria izatea espero dugu» aipatu digu Izaskun Zubialde zubietarrak. Eskualdeko liburudenda guztietara ailegatuko da aste honetan liburua eta nahi izanez gero enkargatu ere egin daiteje. 19,90 eurotan eskura daiteke. Ekainaren 10ean eginen dute aurkezpen ofiziala.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun